Beren bidezko defentsan

Edurne Elizondo / 2016-11-25 / 1371 hitz

Munduan egoteko modu bat da. Jarrera bat. Emakume gisa bizitzari aurre egiteko dugun tresna”. Horixe erran du Euskal Herriko Bilgune Feministako kide Idoia Arraizak, autodefentsa feministari buruz. Antzeko hitzak baliatu ditu Maitena Monroy ekintzaile eta irakasle feministak ere: “Bizitzeko jarrera bat da, eta lotuta ekartzen du herritar gisa ditugun eskubideen defentsa”.

Jarraitu irakurtzen

Nor garen, zer nahi dugun

Edurne Elizondo / 2016-11-11 / 1027 hitz

“Sexu heziketa ez da kondoi bat jartzen irakastea”. Esaldi bera errepikatu dute Andraizeko sexu hezitzaile Montse Velascok eta Kattalinguneko sexologo Erika Salvatierra Urtasunek. “Nor garen, zer nahi dugun, hori aztertzea da kontua; gure burua ezagutzea, maitatzea, errespetatzea”, erran du Velascok. Eta bat egin du Salvatierra Urtasunek: “Sexologiarena esparru zabala da. Aniztasunetik abiatu behar dugu, nor garen eta zer nahi dugun finkatzeko; gizon eta emakume izateko hamaika modu daude; gustuak eta desirak jorratzea da kontua, askatasunez erabakitzea”.

Jarraitu irakurtzen

“Beganoa naiz animaliak ez direlako gure baliabideak”

Edurne Elizondo / 2016-11-04 / 667 hitz

Bertze animalienganako errespetuak markatzen du Idoia Jimenoren bidea (Iruñea, 1977). Beganoa da; antiespezista. Adei izeneko bederatzi hilabeteko semea du, eta hari irakatsi nahi dio Denok Animaliak taldean zenean ikasi zuen lezioa: “Bertze animaliak ez dira baliabideak”.

 

Jarraitu irakurtzen

Ozonoak gora, eta kalitateak behera

Edurne Elizondo / 2016-06-17 / 1007 hitz

Ez du ikasgaia gainditu. Nafarroak huts egin du airearen kalitateari buruzko azterketan, bertze behin ere. Horixe nabarmendu du Ekologistak Martxan erakundeak. Txostena egin du, eta ondorio nagusi bat jarri du mahai gainean: nafar guztiek aire kutsatua arnastu zutela iaz. Herrialde osoan gainditu zituen kutsadurak Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gomendio gisa zehaztutako mugak. Erriberan, gainera, legeak ezarritakoak gainditu egin zituen ozono troposferikoak. “Arazoa larria da, eta bada garaia Nafarroako Gobernuak neurriak hartzeko”, erran du Ekologistak Martxan taldeko Eduardo Nabaskuesek. Ozonoak gora eta kalitateak behera egin duelako.

Jarraitu irakurtzen

“Zerga paradisuak betetzeko, gure lurrak husten dituzte”

Edurne Elizondo / 2016-05-20 / 815 hitz

Bi tokitan, bi erakunderekin, baina antzeko lana egiten. Iruñera etorri dira Medea Fernandes (Gujarat, India, 1948) eta Hasina Syed (Anantapur, India, 1980), sorterrian garatu dituzten proiektuak azaltzera. Herri Senideak gobernuz kanpoko erakundeko kide da Fernandes, eta 25 urtez aritu da adivasi edo Indiako tribuetako emakumeekin kooperatibak sortzen. Nafarroan bizi da orain. Syed, berriz, Vicente Ferrer fundazioan aritzen da, ezintasunen bat duten emakumeentzat tailerrak antolatzen, lanpostua eta soldata lor ditzaten.

Zergatik ari zarete emakumeekin, batez ere?

MEDEA FERNANDES: Ni 25 urtez aritu naiz adivasi edo tribuetako emakumeekin. Haiekin bat egin, eta berehala sumatu nuen haien bizimoduaren eta haien errealitatetik kanpo garatzen zen merkatuaren arteko talka. Haiekin egon nintzen denbora horretan, haiekin egin nuen bidea, eta, aldi berean, ate bat zabaldu genuen elkarrekin. Mikrokredituen bidez hasi ginen kooperatibak sortzen, eta haien betiko ofizioei, nekazaritzari, basozaintzari, egiten zuten artisautzari bertze buelta bat eman genien, eta hasi ginen denda txikiak zabaltzen. Helburua zen haien beharrak betetzea. Izan ere, orduan jende gehiena ari zen kanpoko enpresentzat lanean, hirietan. Merke saldu behar zuten beren lana, eta duintasuna galtzen ari ziren. Kooperatiben bidez, bertze aukera bat lortu zuten. Orain, 80.000 emakumek osatzen dituzte kooperatiba horiek, eta federazioa osatu dute

HASINA SYED: Ni Vicente Ferrer fundazioko kidea naiz, eta, batez ere, lan egiten dut ezintasunen bat duten emakumeekin. Duela hamabost urte hasi nintzen. Indian, emakumea erabat baztertuta dago, are gehiago beheko kasta batekoa bada edo ezintasunen bat badu. Familiak ere baztertzen ditu. Are gehiago duela hamabost urte. Haurrentzat eskolak egin ditugu, eta tailerrak emakumeentzat, egiten dituzten eskulanak saltzeko. Soldata bat jasotzen dute lan horren truke.

Zuen esperientziatik, zer ematen du bidezko merkataritzak?

M.F.: Bidezko merkataritza da denei ematea berdin, eta bazter uztea herrien artean dagoen aldea. Ez da hainbertze alderdi ekonomikoa, baizik eta pertsonari ematen dion duintasuna. Hori da gakoa. Emakumea, batez ere, sistemari edo merkatuari eusteko erabiltzen den tresna bilakatu da. Erabili egiten dute. Bidezko merkataritzak, berriz, berdintasuna eta justizia ematen dizkio.

H.S.: Bidezko merkataritza, batez ere, aukera bat da. Gure produktuak erosten dituenak badaki zerbait erosi baino gehiago egin duela; badaki erosketa horrek ezintasun bat duen emakume bat laguntzen duela. Emakumeok duindu egiten dira lanarekin, eta horrek balio erantsia ematen dio prozesuari.

Emakumeak erabiltzen dituztela diozue; emakumeak dira egungo merkataritza sistemaren ondoriorik txarrenak pairatzen dituztenak?

M.F.: Hala da. Gogoratu zer gertatu zen Bangladeshen. Europan, adibidez, ezberdintasuna bada gizonen eta emakumeen artean, baina Indian are agerikoagoa da, eta are sakonagoa. Emakumea gizonaren jabego bat da, eta egoera horrek ekartzen ditu emakumeek pairatzen dituzten gainerako bazterketak. Sistema osoan agerikoa da ezberdintasun hori.

H.S.: Ezberdintasunak, oraindik ere, nabarmenak dira, baina ari gara hori aldatzeko lanean. Gizonekin ere bai. Oraindik lan anitz dago egiteko, hala ere.

Zuen lanaren bidez emakumeak ahalduntzen saiatzen zarete. Zer ondorio du horrek egunerokoan?

M.F.: Gizonek mehatxu baten gisa hartzen dute hori, neurri handi batean. Batez ere, emakumeek soldata bat lortzea. Eta horrek ekarri du emakumeen kontrako indarkeriak gora egitea. Hori ezin dugu ukatu. Horregatik uste dut heziketa landu beharreko gai funtsezko bat dela, hain sakon errotuta dagoen matxismo horri aurre egin ahal izateko.

H.S.: Argi dago Indian hemen baino atzerago gaudela emakumeen aldeko borrokaren esparruan. Baina ari gara urratsak egiten, poliki-poliki. Ahalduntzea da kontua, eta lanaren bidez lortzen dute. Helburua da emakumeek merezi duten errespetua lortzea etxean, bai eta gizartean ere.

Mendebaldeko herriek ere badute ardura egoera horretan, ezta?

M.F.: Nik lan egin dudan esparruan, jendeak komunitate bat osatzen du. Gaur egungo krisi ekologikoak gogor eragin die. Lurrak kendu dizkiete. Haien basoak suntsitu dituzte. Haiekin egindako lanik garrantzitsuena izan da konturatzea egoera hori guztia zerk eragiten duen. Multinazionalak daude haien lurren galeraren atzean. Aldaketa gertatu dela uste dut, eta gaur egungo merkatuaren erantzukizuna argi ikusten dute hango tribuek. Borroka egiten hasi dira, eta lortu dituzte garaipenak ere. Zerga paradisuak betetzeko, gure lurrak husten dituzte. Egin ditugu urratsak, eta uste dut etorkizunera begira ere jende horrek duela giltza. Badakitelako zer den sufritzea. Badakitelako zer den dutena galtzea. Haien indarra da komunitatea. Eta ezin dugu ahaztu Indian 1.000 milioi garela!

Populazioaren %1en esku dago munduko aberastasunaren erdia. Nola aldatu hori?

M.F.: Aldaketa gertatu behar da han eta hemen. Mendebaldeko herriek argi izan behar dute beren aberastasunaren oinarria dela bertze batzuen pobrezia. Ondorioz, bi aldeetan aldatu behar dira gauzak.

H.S.: Bidezko merkataritzak ere balio du zubiak eraikitzeko. Sortzen dira harremanak hemengoen eta hangoen artean. Hemen bidezko merkataritzako produktuak erosteak ekartzen du han lana ematea lan horren beharra dutenei, eta tresnak ematea pertsona horiei aurrera egiteko, haien egunerokoa hobetzeko. Hemengo erosleek ere argi izan behar dute hori, eta bidezko merkataritzaren alde egin.

Zer pentsatzen duzue Iruñearen gisako hiri bateko arropa denda handien aurretik pasatzen zaretenean?

M.F.: Eskulan merkea dago halako denden atzean. Erosten duenak argi izan behar du. Multinazionalak dira munduko bekaturik handiena, ez dituztelako beharrak betetzen. Haien atzean jendearen izerdia dago, bai eta anitzen bizitza ere. Langileak esklabo dira.

H.S.: Jendeak jakin behar du bere diruarekin lor dezakeela anitz. Erosten duenaren arabera, noski. Bidezko merkataritzaren atzean dagoen jendea izan behar du erosleak buruan. Kontsumitzaileak indar handia du, ezin dugu hori ahaztu.

Berdintasunerako bidean

Edurne Elizondo / 2016-04-15 / 944 hitz

Gobernantzari buruzko arloa nabarmendu du Geroa Baiko Itziar Gomezek, “dena aldatzeko oinarria” delako. “Asmo handikotzat” jo du EH Bilduko Patri Peralesek, berriz, eta berdintasunera bidean urratsak egiteko “neurri zehatzak” jasotzen dituela erantsi du. Ezkerra alderdiko Edurne Eginok “transbertsaltasunaren alde” egin den apustua jarri du mahai gainean, eta PSNko Patricia Fanlok, azkenik, “diseinua eta planifikazioa” nabarmendu ditu. Taldeok, Aranzadirekin batera, aldeko boza eman zioten Iruñeko III. Berdintasun Planari, joan den asteko osoko bilkuran. UPN, berriz, abstenitu egin zen; alderdi erregionalistak egindako lanaren “oinordekotzat” jo zuen plana Ana Lezkano UPNko zinegotziak, baina ez zion baiezkoa eman, Aranzadiko Berdintasun zinegotzi Laura Berroren esku egonen delako “testua interpretatzeko” ardura.

Jarraitu irakurtzen

Kezka piztu duen txostena

“Lehen, gutxi egiten nuen lo, eta Nafarroako Gobernuak egindako ikerketaren txostena irakurri eta gero, deus ere ez”. El Molino okupazio zentroko erabiltzaile baten amarenak dira hitzak. Erakunde horretara eramaten du alaba. Adimen urriko pertsonentzat da. Joan den irailean, sexu gehiegikeriak salatu zituen hango bertze erabiltzaile baten familiak. Hainbat gurasoren kezka, hala ere, lehenago piztu zen. Maiatzetik aritu dira zentroko kudeatzaileekin auzia argitu nahian. “Baina ez digute kasurik egin”. Orain, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Ikuskaritzak egindako txostena dute esku artean: hiru langileren ustezko tratu txarrak utzi ditu agerian. Txosten hori epaileen esku utzi zuten gobernuko arduradunek, martxoan, eta auzian akusazio partikular gisa aritzea erabaki dute.

Jarraitu irakurtzen