Gorka Erostarbe / 2016-09-29 / 965
Umetan musika jaso zuen; edo iritsi zitzaion behintzat. Eta indarrak iraun dion artean musika eman du. Eman die haurrei. Eta haiei emanez baita gainerakoei ere; haur haiek heldu bihurtu baitira, edo, bestela, haurrekin batera helduek ere entzuten baitituzte kantuok. Zein euskaldunen belarrietara ez zen iritsiko, aldez edo moldez, Jon Braun, Txiki txiki txikia edo Jolasean nenbilen —batzuk aipatzearren— kantuen oihartzunik, doinu eta hitzik. Kantuz kantu sortu eta zabaldu zuen kantutegi oso bat; haurren ametsak fabrikatu zituen, eta iruditeria oso bat ehundu zuen. Atzo hil zen Imanol Urbieta musikari, musika irakasle eta pedagogoa (Zarautz, Gipuzkoa, 1934ko martxoaren 10a-2016ko irailaren 28a), jaioterrian, 83 urte zituela.