Jakes Lafitte / 2016-09-09 / 434 hitz
Islamari buruzko polemikak 1989. urtean hasi ziren, Ernest Chenière RPR-eko kide eta ikastetxe buruzagiak ikasle musulman bati buruko zapia kentzeko agindu zionean. Data horretatik gaur arte itsatsi zaie eztabaida islamaren ikur guziei. Azkenaldian, burkiniaren arazoa izan da, eta, zorionez, Frantziako Estatu-Kontseilua musulmanen alde jarri da; ebazpen hori Amnesty Internationalek, Gizakiaren Eskubideen Erakundeak eta Nazio Batuen Erakundeak ere bermatu dute. Kezkagarria dena da Frantziako gizartearen zati handi bat (%64), baita arduradun politiko andana bat, laikotasunaren izenean burkiniaren eta islamaren ikurren debekatzearen alde izatea. Laikotasunaren babesaz gainera, islamisten terrorismoa eta Frantziaren «islamizazioa» dira debekatze horien zergatikoak. Baina laikotasunaren izenean ez ditu Frantziako Estatuak elizgizonen jantziak debekatu, eta budisten ala juduen kontrako jantzi eta elikagai denda berezien aurka ere ez du sekula legeztatu.