Edurne Elizondo / 2017-04-07 / 1284 hitz
Bat, bi hiru; bat, bi, hiru. Atseden hartzeko denborarik ez da. Asteburuko lehia dute La Unica errugbi taldeko emakumeek buruan. Bertzerik ez. Ohorezko Mailara igotzeko fasea jokatuko dute bertze zazpi talderen aurka, Iruñean, bihar eta etzi. Laugarren aldia da; hirugarrena jarraian. “Etxean aritzea pizgarri handia da guretzat; baina urduriago jartzen gaitu egoera horrek, aldi berean; erantzukizunaren zama sentitzen dugu”. Ainhoa Diaz taldeko kapitainarenak dira hitzak; NUPeko zelaian erran ditu, entrenatzen hasi aurretik. Zaleen babesa jasoko dutela badaki. Eta zaleen artean izanen da, zalantzarik gabe, Cristina Nuñez Bakedano argazkilaria. 2015eko abenduan egin zuen bat taldearekin. Entrenamendu bati buruzko lana egitera joan zen, eta oraindik ez du utzi. Unicas izenburuko obra egin du, Nafarroako Gobernuak sorkuntza sustatzeko emandako laguntzarekin. Uharteko Arte Garaikideko Zentroan dira zintzilik Nuñez Bakedanok eta laguntza jaso duten gainerako artistek egindako lanak, Hamaika izenburuko erakusketan. Maiatzaren 7a bitarte ikusi ahal izanen da. Gero, nork berea eginen du.