Castillo Suárez @casti_suarez / Argia aldizkaria / 2023-02-26 / 146 hitz
“Lorategi bat zaintzeak idazten laguntzen du. / Leihotik begiratzeak idazten laguntzen du. / Lehenago egon ez den leku batera bidaiatzeak idazten laguntzen du. / Udako egun batean bideari jarraiki gidatzeak idazten laguntzen du. / Batzuetan, Miguel Bosé entzuteak idazten laguntzen du. / Asteko egun batean arratsaldeko lauretan dutxatzeak idazten laguntzen du. / Astegun batean arratsaldeko ordu bietan zinemara joateak idazten laguntzen du. / Zereginik ez izateak ez du idazten laguntzen. / Zorigaiztoko samar sentitzeak, batzuetan, idazten laguntzen du”. Leila Guerrieroren testua gustatzen zait, idazten laguntzen diguten gauzei buruzkoa. Nik elurra gehituko nuke; elur malutak aurrez aurre datozkizunean parabrisarantz. Erdi lo nagoenean jendeak edukitzen dituen elkarrizketak hegazkinetan. Larunbat goizetako kafea tren geltokitik gertu dagoen tabernan. Laura Ferroren Instagrama; baina, ororen gainetik, idazten dudan lerro bakoitzak hobea egiten nauela sinisteak. Guk mundua aldatu ez, baina geure burua mudatzen ari dela prentsatzeak. Izan ere, idaztea sineste ariketa bat da.