Euskaltzaindiaren webgunea


Ezinbesteko kontsulta iturria dugu hau. Euskaltzaindiak hainbat zerbitzu eta material jarri ditu denondako eskuragarri bere webgunean: www.euskaltzaindia.net. Post honetan batzuen berri soilik emanen dugu, luzeegi joko baitu bestela: Arau eta gomendioak, Hiztegi Batua, Jagonet kontsulta zerbitzua, Onomastika (izendegiak), Literatura terminoen hiztegia. Ezagutzen ez badituzue, animatu eta proba itzazue.

  • Arau eta gomendioak. Apur batean kuxkuxean ibili ondoren, probaren bat egin nahi izanez gero, bila ezazue galdera hauen erantzuna eta egin gogoeta:
a) Orain arte zenbat arau argitaratu ditu Euskaltzaindiak?
b) Sar zaitezte 1. arauan (bat-batean, behinik behin, batik bat“) eta ikusi zein den azken erabakia; gainera, ikusi zein urtetan argitaratutako araua den ere.
c) Zoazte azken araura. Zer arautu dute bertan? Noizkoa da?
  • Hiztegi Batua. Kontsultatu itzazue hitz hauek, eta ea zer ondoriotara heltzen zareten:
a) “Euskera”, “kurtso”, “anbulategi”, “aunitz”.
b) Begiratu “beno” ala “bueno” agertzen den.
c) “Borrokatu” aditzak zer erregimen eskatzen du?
d) “Gero” hitza dela eta, zer egitura gaitzesten du Euskaltzaindiak euskara baturako?
  • Jagonet kontsulta zerbitzua. JAGONET kontsulta- eta aholku-zerbitzua da, euskararen erabilera zuzena eta egokia eragitekoa. Euskararen inguruko edozein zalantza sortzen zaigula, bertan kontsultatzeko aukera dugu. Hauek dira jarraitu beharreko urratsak:

– Zuen zalantza edo galdera horri aurretik noizbait erantzun ote dioten ikusi. Galdera interesgarrienekin datu-base bat osatu dute. Erabiltzaileok webean eskuragarri ditugu Euskaltzaindiaren batzordeek aztergai izan dituzten galderarik ohikoenen erantzunak, eta, lehendabizi, hor begiratu behar dugu gure zalantza aurrez argiturik ote dagoen.

Probatu, adibidez, “Noren/Nongo” auzia dela-eta egindako galderarik sartu ote duten.

– Gure zalantza argitzeko erantzunik aurkitu ez badugu, zuzenean guk geuk egingo diegu galdera Euskaltzaindikoei.

  1. Deitura edo abizenak: Agirre, Etxebarria…
  2. Ponte izenak: Eneko, Leire, Miren…
  3. Toponimo edo leku-izenak, Euskal Herrikoak zein Euskal Herritik kanpokoak: era askotako izenak daude (probintziak, eskualdeak, herriak, mendiak, ibaiak, etab.). Ohar edo iradokizunak ere egin daitezke bertan.
  • Literatura terminoen hiztegia. Literatura terminoen edukia euskaraz ematearekin batera, hiztegi honen egileek lehentasuna eman diote euskal literaturari atxikiriko azalpenak, adibideak eta ereduak eskaintzeari. Era berean, ahalegin berezia egin dute literaturari buruzko ikaskuntzen garapenaren berri eguneratua emateko, hala nazioarte mailakoa nola euskal esparrukoa.

2 thoughts on “Euskaltzaindiaren webgunea

  1. Jon

    Iparraldeko etxe baten izena euskaraz idatzi nahi dute. Yves eta Irene aiton amonen etxea. Nola izan behar du YVES ETA IRENEREN ETXEA EDO YVESEN ETA IRENEREN ETXEA? Mila esker

    Erantzuna
    1. Miren Basurto Bidalketaren egilea

      Kaixo, Jon:

      Bi moduak dira zuzenak: YVES ETA IRENEREN ETXEA eta YVESEN ETA IRENEREN ETXEA. Zuen esku geratzen da bi izenak deklinatu ala azkenekoari bakarrik erantsi kasu-marka.
      111. arauan du arautua afera hau Euskaltzaindiak, eta besteak beste hauxe diote hitzez hitz 3. puntuan:
      “3. Halaber, singularreko sintagmetan, kasu-markadun sintagmak juntatzea gomendatzen da:Itsasoan eta lehorrean bizi diren narrastiakEskuz eta palaz jokatzen duAmarekin eta amamarekin bizi da.Juntatzen diren izenak oso hurbilekoak direnean, edo izenlagunaz nahiz izenondoaz lagundurikdoazenean, ardatz anitzeko sintagma osa daiteke, kasu-marka amaieran ezarriaz:Gorputz eta arimatik atera den oihuaBere emazte eta alabari galdetu zien”.

      Hortaz, singularrean kasu-markadun sintagmak elkartzea gomendatzen badute ere, juntatzen diren izenak oso hurbilekoak direnean —eta zure adibidean hala dira, aitonaren eta amonaren izenak baitira— kasu-marka amaieran bakarrik jartzea zuzena da.

      Erantzuna

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude