Legearen mapak, euskararen aldapak

Erredakzioa / 2013-09-07 / 212 hitz

Tuterako Argia ikastolaren inguruko dokumental bat grabatu dute hiru ikaslek. Erriberan euskarak daukan egoera aldapatsua ezagutarazi nahi dute era horretan.

Maparen gainean, eremu erdalduna da. Erakundeentzat, ere bai. Baina ari dira euskalduntzeko ahaleginetan. Erriberan euskarak duen egoera ezagutzera emateko asmoarekin, euskalduntzeko ahaleginean dozenaka familiak egiten duten lanaren erakusle, Tuterako Argia ikastolari buruzko dokumental bat grabatu dute hiru ikaslek: Badira bagara. «Haiek izan behar dute, gu ere izateko; haiek euskara galtzen badute, Euskal Herri osoak galtzen du». Olatz Artola da egileetako bat. Itxaso Fraurekin eta Marta Prolekin batera egin du dokumentala. Donostian aurkeztu zuten, atzo, Basque Culinary Centerren egoitzan. Hezkuntzaren, kulturaren eta politikaren alorreko ordezkariak joan ziren estreinaldira.

Mondragon Unibertsitateko ikasleak dira hirurak, eta karrera amaierako proiektu gisara egin dute ikus-entzunezkoa. Ez da lan bakarra, hala ere. Idatzizko lan bat ere egin dute aurretik, eta webgune bat prestatzeko asmoa daukate, dokumentala zabaltzeko eta bideoan sartu ezin izan dituzten lekukotasunak jasotzeko.

Tuterako ikastolari eusteko nolako ahalegina egiten duten jaso dute ikus-entzunezkoan. «Haiekin zoazenean autobusean toki batera elastikoak saltzera, buelta bat eman eta beste norabait, ikusita 24 orduak ikastola bizirik mantentzeko direla, harritu egiten zara, gogorra izan behar baitu», dio Artolak. Hori soilik ez: euskara gizarteratzeko ahalegina ere egiten dute ikastolaren jiran.

Argia ikastolak antolatu du aurten Nafarroa Oinez. Urriaren 30ean egingo dute festa, Tuteran.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.