Beldurrak, ziurtasun ezak eta damuak

Mikel Lizarralde / 2014-11-06 / 500 hitz

‘Mamuak’ bilduman erantzun gabe utzitako galderetatik eratorriko izuei buruzko kontakizunak bildu ditu Ana Urkizak.

Mamuek, norberaren eta bestearen mamuek, menperatutakoek zein menperatu gabeek, errealitateari atxikiek nahiz fikziozkoek, zeharkatzen dituzte Ana Urkizaren (Ondarroa, 1969) azkeneko liburuko ipuinak. Kontakizun luzeak —10 eta 20 orrialde artekoak— eta laburrak —pare bat besterik betetzen ez dituztenak— tartekatuz, sakontasun graduazio ezberdinekin jolastu nahi izan du egileak, betiere, mamuen, alegia beldurren, gaia ardatz hartuta. Mamuak (Elkar) Urkizaren helduentzako hirugarren ipuin bilduma da Desira izoztuak (2000) eta Bekatuak (2005) lanen ondoren. Nolanahi ere, urte hauetan argitaratu ditu poesia, aforismoak, biografia eta haur eta gazte literatura; eta baita Zortzi unibertso, zortzi idazle, beste horrenbeste idazleri egindako elkarrizketa liburua.

«Izerdi patsetan esnatu naiz. Atzo, herenegun eta azken asteotako goizalde guztietan bezala». Ipuin bildumako lehen kontakizun laburrak (Mamua) ematen du gero datorrenaren nolabaiteko tonua. Narratzailea mamu batekin hizketan. Ea nor gailentzen den. «Liburuaren aurrerapena izan liteke, edo laburpena», dio Urkizak berak. «Aske izatearen aldarri moduko bat dago hor. Denok ditugu mamuak, baina horietako batzuei kateak jartzen dizkiegu, haien gainetik pasatzeko».

Beldurrak eta beldur horiei nola aurre egin dira ipuinotako gai nagusietako bat; bestea, ezinegona, ziurtasun gabezia. «Kontzeptu hori ipuin luzeetan landu dut». Eta betiere emakumearen ikuspegitik jorratu du ziurtasun falta hori: amona bihurtu behar duen amaren ikuspegitik, etxez aldatzerakoan atzera begiratzen duen emakumearen begiradatik, haurdun dagoen neska gaztearen gora-beherak kontatuz… eta askotan garraztasunetik. Izan ere, «gai sakonak» landu ditu Urkizak, eta ipuinetan badira suizidioa, bortxaketa bat, ETAkideen heriotza ardatz duen ipuin labur bat eta baita umeen kontrako tratu txarrak aipatzen dituen beste bat ere, paradoxikoki «umore puntu batekin» amaitzen dena.

Ipuinen arteko oreka

Guztira, hamahiru ipuin bildu ditu Urkizak. Eta ez da kasualitatea kopurua: «Hori ere beste mamu bat da. Zorte txarraren adierazlea». Eta, gainera, beste hainbat esanahi ere izan ditzake zenbakiak, idazlearen iritziz. «Apostoluekin Jesusek 13 osatzen zituen, Artur erregeak beste hamabi zaldun zituen mahai biribilean, musika eskalan zortzi dira notak, baina sostenituekin 13 bihurtzen dira….». Ipuin horietatik sei luzeak dira, «beldurraren eta ziurtasun gabeziaren» erakusle izan daitezkeenak, eta beste zazpiak laburrak dira, «mamu ezberdinak» erakusten dituztenak. «Ipuin labur horiek oreka bat ematen diote liburuari. Ipuin luzeek gai sakonak jorratzen dituzte hausnarketara bultzatuz irakurlea». Sakontasuna liburuaren ezaugarrietako bat izan arren, eta nahiz eta gai garratzak jorratu, «erraz irakurtzekoa» iruditzen zaio Urkizari.

Izan ere, «liburu jostagarria» da Mamuak, eta zenbaitetan jolasa muturrera eramaten du, narratzailea pertsonaia bilakatuta (Idatzita dagoena) edota alderantzizko bidea eginez. Metaliteraturara jauzi eginez. Idatzita dagoena bildumako azkeneko ipuina izan litekeela uste du Urkizak, Mamua-rekin hasitako bidea itxiko zukeena, baina nahiago izan du liburuaren erdian kokatu eta bilduma Esne-opila ipuinarekin itxi. Liburuaren tonua apur bat jaisten duen kontakizun xamur batekin.

Denbora luzean osatutako bilduma da Mamuak. Baina gaia hasieratik izan zuen buruan Urkizak. Gero «tantaka-tantaka» joan da edukiz osatzen libururako ideia.

Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak Urkizak euskal literaturari ekarri dion «begirada» nabarmendu du. «Zorrotza da begirada hori, baina baita abegikorra ere. Gizakien akatsak ikusten ditu, baina ez du hazka egiten zaurian». Idazlearen hiru ipuin liburuen ezaugarria dela uste du editoreak, eta «giza portaerak» aztertzearen ondorioa. «Buru analitikoa du Anak»

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude