Ama izateaz damu

Zuzeu / 2016-05-19 / 710 hitz

Orna Donath soziologo israeldarrak egindako ‘Regretting motherhood: sociopolitical analysis’ ikerketak munduan tabua den amatasunaren alderdi bat aztertu du. Horrela aurkeztu du Klitto! atari feministak itzuli berri duen erreportajea, “Ama izateaz damutuak”.

Bai. Badago gure gizartean ama izan nahi ez izatea baino gauza okerragorik; ama izatea akats bat izan dela pentsatu, eta batez ere, esatea. Orna Donath soziologo israeldarrak egindako Regretting motherhood: sociopolitical analysis ikerketak, munduan tabua den amatasunaren alderdi bat aztertu du. Ama izateaz damutu diren 23 emakumeren testigantzak bildu eta aztertu ditu Donathek. “Nire bizitzako akatsik handiena da”, ondorioztatu dute emakumeek. Bildutako testigantzak emakume israeldarrenak badira ere, amatasunak sortutako emozio eta sentimenduek gainezka egiten duten mendebaldeko edozein herrialdetarako ere balio dezake.

Nola liteke? Euren seme-alabak maite ez dituzten 23 emakume? Baliteke lehen paragrafo hau irakurri ostean, halakorik ondorioztatu duenik egotea. Eta hemen dago akatsa. Orna Donathek elkarrizketatutako emakumeek ez dute halakorik esan; kontrakoa baizik. Elkarrizketetan argi geratzen denez, bizitza nahi luketen moduan bizi ez izanaz damutzen dira.

Donathek hala adierazten du: “Elkarrizketatuek objektua (umeak) eta esperientzia (amatasuna) argi bereizten zituzten. Gehiengoek argi azaleratzen zuten euren seme-alabenganako maitasuna, eta amatasunaren esperientziarekiko gorrotoa”.

Hortxe dago Donathen ikerketaren erradikaltasuna. 2008 eta 2011 urteen artean egindako ikerketa Alemanian aurkeztu zen lehen aldiz, eztabaida handia sortuz, eta #regrettingmotherhood traolapean zabaldu zen sare sozialetan zehar. Elkarrizketatutako emakume askok diotenez, eta haien herrialdean ama ez izateak dakarren irudi publikoarekin bat eginez, hustasun eta galera sentsazioak pairatuko zituzketen seme-alabarik eduki izan ez balute. Hori, egun dakitena jakingo ez balute, noski. Testigantzak irakurri ostean, hitz bat datorkigu gogora: askatasuna. Bizitza nahi dugun eran bizitzeko askatasuna, eta ez bikoteak edo giro zehatz batzuek sortutako presio edo konbentzioek baldintzatua. Izan ere, oraindik askori onartzea zail bazaie ere, ama izatea ez da betebehar bat.

Charlotte, 44 urte, dibortziatua, bi semeren ama. Honela azaldu du bere experientziaren zailtasuna: “Ama izateaz damutzen naiz, baina ez naiz haurrez damutzen, ez haien izaeraz, ezta direnaz ere. Maite ditut. Nahiz eta ergel batekin ezkondu, ez naiz damutzen, ze beste batekin ezkondu izan banintz ere, beste seme-alaba batzuk izango nituzkeen. Eta nik hauek maite ditut. Paradoxa bat da. Seme-alabak edukitzeaz eta ama izateaz damutzen naiz, baina maite ditut nire semeak. Beraz, ez da azaltzen erraza. Ez dut haiek hemen ez egoterik nahi, baina ez dut ama izan nahi”.

Ikerketak zera eman nahi du ezagutzera: bizitza asko euren jabeek zer nahi duten erabaki gabe bizitzen dira eta, erabakitzen dutenerako, beranduegi izaten da. Atalyak 45 urte ditu, bera ere dibortziatua da, eta haren hiru seme-alabak aitarekin bizi dira: “Automatikoki pasa nintzen ama izatera. Inongo momentutan ez nuen pentsatu seme-alabak izateak edo ez izateak ekar zitzakeen ondorioetan. Atzera egiteko aukera izango banu, ez nuke seme-alabarik edukiko”.  Tirtza, 57, dibortziatua, bi semeren ama, eta amona; azaldu duenez, seme-alabarik ez edukitzearen aukeran ez zuen pentsatu ere egin: “Lagunekin hitz egiten dudan bakoitzean esaten diet garai hartan, egun dudan esperientzia izango banu, ume baten laurdena ere ez nukeela sortuko. Denboran ezin atzera egitea da niretzat mingarriena. Ezin dut ezer konpondu”.  Naturalena seme-alabak edukitzea da eta, gizarte honetan, 30etik gorakoei jada berandutu egin zaiela esaten zaie.

Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Ikasketa Demografikoen Zentroaren arabera, 1970 urtearen inguruan jaiotako lau emakumetik batek ez du seme-alabarik izango. Odelyak, Tirtza baino askoz ere gazteagoa den emakumeak, iritzi bera du. 26 urterekin, bere seme bakarra izan ondoren, ama izateko prest ez zegoela ikusi zuen: “Baina haurrak ez izateko aukeran ez nuen pentsatu ere egin”.

Laburbilduz, eta hasteko, Donathek egindako ikerkuntza entzuteko gonbita da. Testigantza hauek irakurri ostean uler daiteke emakume hauen egoera. Bestalde, emozioen aldarrikapena ere bada, eta baita bizitza nahi dugun eran bizitzeko erabakia hartzeko gonbita ere. Beldurrik eta taburik gabe. Edonor damutu daiteke ama izateaz. Edonork har dezake ama ez izateko hautua. Inork ez gaitu kontrakoaz konbentzitu behar.

Ama txarren kluba

Espainiar estatuan, sare sozialetan indar handia duen “Ama txarren Kluba” el Club de las malas madres sortu zen amatasuna desmitifikatzeko helburuarekin. “superwoman-aren kontzeptuarekin bukatzea lortuko dugu; gizarteak inposatu eta ezertan laguntzen ez digun kontzeptu horrekin. Ez dugu super-botererik, eta ez dugu halakorik eduki nahi”, azaltzen dute haien asmoen deklarazioan.

Ama txarraren egunerokoan –Diario de mala madre– Amelia Baenak egun, oraindik, gaizki ikusia dagoen adibide bat – haurrik gabe, norberarentzat denbora hartzea izan daiteke kasuetako bat- jartzen du: “Ez ezazu gezurrik esan. Bankuko ilara amaigabea maiteko duzu, txanda eskatu eta aulkietako batean eseriko zara, hotza, bai, baina erosoa zure gorputz kolpatu eta  logalearentzat. Infinitura begiratzeko probestuko duzu, mugikorra eskuan duzula”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude