Ikustekoa aukeratzeko denbora aukeratzeko denbora-galtzearen paradoxa

Ane Urrutikoetxea / 2020-03-02 / 207 hitz

Ikus-entzunezkoen eskaintza inoiz baino zabalagoa den garaiotan, geroz eta denbora gehiago behar dugu ikusiko duguna aukeratzeko.

Netflix plataformako zuzendari exekutibo Reed Hastings-ek argi adierazi zuen 2015ean zein zen beren negozioaren aurkari nagusia; erabiltzaileen loa. Orain, aurkari berri bat dute; erabiltzaileek ikusi nahi dutena aukeratzeko galtzen duten denbora. Hain zuzen, 2019ko abenduan plataformak 646.152 programa eskaintzen zituen AEBetan, aurreko urtean baino %10 gehiago. Eta noski, eduki zopa erraldoi horretan gustuko duguna aukeratzeak lan handia eskatzen du. 

Badakizue zenbat denbora galtzen den ikusi nahi dugun hori aukeratzen? AEBetan egindako ikerketa baten arabera, egunean bataz-beste 7,4 minutu erabiltzen dira streaming zerbitzuetan nabigatzen ikusiko dena aukeratu aurretik. Kontuak atera; urtean 45 ordu igarotzen dituzte erabiltzaileek zer ikusi erabakitzeko. Sekulako denbora galtzea. 

Ikerketak dioenez, 18-34 urte bitartekoak dira erabakitzen denbora gehien galtzen dutenak, egunean bataz-beste 9,4 minutu. Aldiz, 35-54 urte bitartekoek 8,4 minutu igarotzen dituzte, eta 55etik gorakoek ez dute 5 minutu baino gehiago irauten. 

Eta zer gertatzen da denbora hori igarotzean? Erabiltzaileen %21 ez dute ezer aukeratzen, eta %58 telebistara bueltatzen da, bertan aurretik aukeratu diren edukiak ikusiz. Beste modu batera esanda; badira egunak non ez dugun erabakirik hartu nahi, eta ikusiko duguna aurretik erabakita egotea nahiago dugu. 

Arazo honi aurre egiteko, plataformak algoritmo berriak lantzen dabiltza, guk erabaki beharrik gabe gustuko duguna aurretik eskura izan dezagun. Horretan ere, nagiak bilakatu ote gara?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude