Nahiko uste orokorra da “lehenengo” ordinala zenbakiz 1go idatzi behar dela. Uste okerra da hori; 1. idatzi behar da nahiz eta ez ahoskatu garren.
Kategoriaren artxiboa: Okerrak
Okerra: *errespontsabilitate / Zuzenak: ardura, erantzukizun
Euskaltzaindiaren Hiztegian sarrera hau dator:
Hortaz, errespontsabilitate baino gomendagarriagoak dira euskara baturako ardura eta erantzukizun.
ZUZENA: Ongi etorri berriro blogera! OKERRA: *Ongi etorriak berriro blogera!
Hau dio Euskaltzaindiaren 33. arauak: agurra egitean-eta ongi etorri! esan bedi, eta ez *ongi etorria! edo *ongi etorriak!
EZ EZIK (“ere” hitza behar du eskuineko perpausean)
Lehenengo juntagaiaren gibelean EZ EZIK eta bigarrenarenean ERE gehituz eratzen da esapide hau. Halaxe dio Euskaltzaindiak bere hiztegian:
Bigarren juntagaiari dagokionez, esan beharra dago gehienetan ere erabili ohi den arren badirela beste aldaera batzuk ere, esate baterako: baita… ere, ere bai.
Hona hemen Internet sarean topaturiko adibide batzuk:
-
Mutrikun ez ezik, Pasaian ere ekologistak aurka
- Pazko astelehena ez ezik, igandea ere bai
-
Iñaki Artola ez ezik, Abel Barriola ere itzuliko da lehiara asteburu honetan
-
Jasotzen dugun arreta goiztiarrak haurrari ez ezik, familiari ere laguntzen dio
- Herritarrek ez ezik, bisitariek ere erosten dituzte.
- Biziegokitasunari buruzko araudiak baldintzak ezartzen ditu, fatxadetako baoetarako ez ezik, baita terraza irekietatik kanpora ematen duten baoetarako ere
OKERRAK: *Ez ditut gustuko galtzarik aurkitu, *Institutuan ez zituzten testulibururik erabiltzen, *Hozkailuan ez daude sagarrik…
Zuzenak: Ez dut gustuko galtzarik aurkitu, Institutuan ez zuten testulibururik erabiltzen, Hozkailuan ez dago sagarrik…
Okerrak: *ahal dut hitz egin?, *ahal didazue lagundu?, *ahal dugu zerbait jan?…
Zuzenak: hitz egin ahal dut?, lagundu ahal didazue?, zerbait jan ahal dugu?… edo hitz egiten ahal dut?, laguntzen ahal didazue?, zerbait jaten ahal dugu?… edo hitz egiten dezaket?, lagundu diezadakezue?, zerbait dezakegu?…
Gero eta gehiagotan entzuten ditugu izenburuko esaldien hurrenkera duten perpausak; hau da, ahal + aditza ordenan osatuak. Gaztelaniaren eraginez gertatzen da hori, poder + aditza baita ohiko ordena hizkuntza horretan eta ordena hori kalkatzen du zenbaitek.
Euskaraz, ordea, salbuespenak salbuespen, hauxe da esaldi mota honen ohiko ordena: aditza + ahal.
Gai honi lotuta, ikus ondoko bi esteka hauetan datorrena:
- Euskaltzaindiaren Jagonet zerbitzuan: Joan daiteke, joan ahal da, *ahal da joan?
- EIBZren Kontsulta zerbitzuan: “egin ahal dut” bezalako formen mesedetan, bazter gelditzen ari ote dira “egin dezaket” bezalakoak?
Okerrak: *besotik heldu du, *lepotik heldu zaitu, *eskutik heldu ninduen…
Zuzenak: besotik heldu dio, lepotik heldu dizu, eskutik heldu zidan…
Okerrak: *”Etortzea bera!”, *”Egitea Anek!”, *”Esatea egia denek!”…
OKERRAK: *”Etortzea bera!”, *”Egitea Anek!”, *”Esatea egia denek!”…
ZUZENAK: “Etor dadila bera!”, “Egin dezala Anek!”, “Esan dezatela egia denek!”…
Okerrak: *Gogoak ditut, *Gogoak badaude, *Gogoak badituzue, *Gogoekin nago…
Gaztelaniaren eraginez-edo, hiztun askok gogo hitza pluralean erabiltzeko joera dute. Gaztelaniaz, gehienetan ganas erabili ohi denez —pluralean, alegia—, hiztun horiek euskaraz ere plurala baliatzen dute singularra erabili beharrean.
Hona hemen Internet sarean topaturiko akats batzuk:
- *A ze gogoak eszenatokira igotzeko!
- *Gogoak badaude, dena da posible.
- *Gauzen zergatiaz galdetzen hasten da, bere ingurunea hobeto ezagutzeko gogoekin.
- *Sokatiran segitzeko gogoekin itzuli naiz Irlandatik.
Modu honetan behar dute:
- A ze gogoa eszenatokira igotzeko!
- Gogoa badago, dena da posible (= Gogorik badago, dena da posible).
- Gauzen zergatiaz galdetzen hasten da, bere ingurunea hobeto ezagutzeko gogoz.
- Sokatiran segitzeko gogoz itzuli naiz Irlandatik.
OHARRA. Beste kontu bat da gogoak eman esapidea. Adibidez: Gogoak ematen badit egingo dut, bestela ez / Gogoak ematen diona egiten ohituta dago / Ezin duzu beti gogoak ematen dizuna egin!
Okerrak: *batzu, *batzuri, *batzurekin, *batzutan…
Euskara baturako okerrak dira izenburuko forma horiek zein beste batzuk.
Okerrak: *batzu, *batzuri, *batzuren, *batzurekin, *batzurengana, *batzurengandik, *batzurenganaino, *batzutan, *batzutako, *batzutatik…
Ondoko hauek dira horien ordain zuzenak:
Zuzenak: batzuk, batzuei, batzuen, batzuekin, batzuengana, batzuengandik, batzuenganaino, batzuetan, batzuetako, batzuetatik…