Kultura eta Ogasuneko postu bakar batean ere ez da beharrezkoa euskaraz jakitea

Ion Orzaiz / 2016-03-04 / 378 hitz

Administrazioaren hizkuntza eskakizunak «miseriazkoak» direla salatu du Nafarroako Gobernuak. Justizian %0,1 dira euskara eskatzen duten postuak.

«Egiturazko miseria». Horrela definitu dute Nafarroako administrazioko lanpostuetan orain arte ezarri den euskara eskakizuna. Salaketa ez du egin hizkuntza eskubideen aldeko elkarte batek edo sindikatu batek, Nafarroako Gobernuak berak baizik. Euskarabideko zuzendari Mikel Arregik bota zuen lehen harria iragan den astean: esan zuen Hezkuntza Departamentua kenduta 124 lanpostutan bakarrik exijitzen dela euskara —%0,6tan, alegia—. Atzo, egoeraren erretratu zehatzagoa eskaini zuen Ana Ollo gobernuko bozeramaileak, Geroa Baiko Maria Solanak legebiltzarrean eginiko galdera bati erantzunez.

«2011ko datuen arabera, nafarren %13,7 dira euskaldunak, baina Nafarroako Gobernuaren lantalde organikoa osatzen duten 25.960 beharginetatik oso gutxi dira euskaldunak», esan zuen Ollok. Gaur egun, bi departamentutan biltzen dira euskarazko hizkuntza eskakizuna duten lanpostu gehienak: Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetan, alde batetik, eta Hezkuntzan, bestetik. «Gainerakoan, egoera miseriazkoa da».

Bozeramailearen esanetan, «bereziki deigarria da» beste bi departamentutan ez dagoela euskara eskakizun duen lanpostu bakar bat ere: Ogasun Departamentuan eta Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentuan.

Horiez gainera, Justizia Departamentuko lanpostuen %0,1ean eskatzen da euskara, eta Osasunbidean, berriz, 57 dira langile euskaldunak —lantaldearen %0,5—. Gainera, postu horietan ez da C1 mailako titulazioa eskatzen.

Departamentu horretan, Nafarroako Ospitale Guneko egoera da «guztien artean mingarriena», Olloren aburuz. Izan ere, Iruñeko ospitaleetan ez dago zerbitzua euskaraz jasotzerik, «ez baitago euskarazko hizkuntza eskakizuna duen lanpostu bakar bat bera ere». Erizaintzako postu bakar baten deialdian aipatzen zen euskara «meritu gisa» balioetsiko zutela. UPNren «zekenkeriari» egotzi dio Ollok egungo egoera. Izan ere, Miguel Sanzen gobernuak LEP lan eskaintza publiko bana egin zuen 2007an eta 2009an Osasunbidean: «Deialdi horietan ateratako 1.559 lanpostuetatik, euskaraz jakitea betekizun zen hamarretan soilik».

Datu kuantitatiboez gainera, datu kualitatibo zenbait ere eskaini zituen Ollok atzoko agerraldian. Adibidez, irakasleak kenduta, euskara eskakizun duten lanpostu publiko gehienak itzultzaileenak direla nabarmendu zuen. «Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako Departamentuan, esate baterako, 56 langile euskaldun daude —lantaldearen %36,84—, baina, Euskarabideko itzultzaileak kenduta, bi besterik ez dira (%2,15). Beraz, euskaldunekiko arreta izugarri eskasa da».

Bide seinale elebidunak

Eremu ez euskalduneko bide seinaleetan, euskararen tratamendua ingelesari edota alemanerari ematen zaion berbera dela salatu zuen atzo Administrazioan Euskaraz taldeak. Auzia legebiltzarrera eraman zuen EH Bilduko Maiorga Ramirezek, eta seinale horiek aldatzeko asmorik duen galdetu zion gobernuari. Manu Aierdi presidenteordeak adierazi zuen seinale horiek behin-behinekoak direla eta aldatuko dituztela: «Aurrekontua motz gelditzen da seinale guztiak batera aldatzeko; hortaz, hondatutakoak aldatuko ditugu lehenbizi, eta gero, gainerakoak».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.