DANA

naiz. / Maria del Rio / 248 hitz

Azkeneko asteetan albiste txar eta hunkigarriek mugiarazi gaituzte. Valentzian gertatutakoaz asko hitz egin dugu denok, batez ere, tragediak utzitako hildakoez eta desagertutakoez, galera material handiez, oinarrizko zerbitzuen faltaz eta berreraikuntza zail eta luze bati ekiteko beharraz. Irudi ikaragarriak ikusi eta dramaren kontakizunak sarritan entzun baditugu ere, ezinezkoa da ondorioez erabat jabetzea. Ekidinezina zaigu, gainera, tarte batez bada ere, 1983ko uholdeetan pentsatzea. Hori bai, beste une historiko batean gaude; astintzen gaituen krisi klimatikoaren ondorioak dira oraingoak. Izan ere, DANA bezalako muturreko fenomeno meteorologikoak areagotzen ari dira, eta gero eta ohikoagoak bilakatzen.

Hainbat gai garrantzitsu aztertzeko aukera ere izan dugu. Negazionismo klimatikoaren eragina, dudarik gabe. Zientziarekiko konfiantza ezak ebidentziak ukatzera garamatza; are gehiago, gelditasunera garamatza eta hori bai dela okerra. Fenomeno horiek saihestu ezin badira ere, ondorio suntsitzaileak gutxitzeko aukerak ditugu. Urgentziaz jarri behar dugu agendan uholde-arriskuko eremuak ekiditen dituen hirigintza arduratsua; dagoena hobetuko duten ingeniaritza-lanak; herritarrentzako prebentzio-plan egokiak, pertsonak eta interes publikoa interes ekonomikoen gainetik lehenesten dituztenak; eta zerbitzu publikoen indartzea.

Kontuan hartzeko beste gako kezkagarria da inork ez kapitalizatzea sortutako amorrua eta itxaropen eza. Lehenengo uneko shock egoera buloak zabaltzeko baliatu da, eskuin-muturraren ohiko gaiei lotuta daudenak, hala nola arrazakeriari buruzkoak. Trumpen garaipenak, gainera, ez du baikor izaten laguntzen. Baina funtsezkoa da ikusitako elkartasun keinuei eta irudiei aitortza egitea. Hango lagunek, gainera, hitz egin didate  auzo elkarteak eta hainbat eragile antolatzeko izaten ari diren gaitasunaz eta indarraz. Beharrezkoa da, lehenbailehen, zientzia eta herritarren parte-hartzea gobernantzan txertatzea, jakinda hartu behar izango diren neurri denak ez direla erosoak izango.

Gailu digitalak ikastetxeetan

BERRIA / 2024-09-10 / Julen Linazasoro

Duela gutxi, hezkuntzarako eta trebetasunetarako ELGAko zuzendaritzak (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea) Ikasleak, gailu digitalak eta arrakasta izeneko txostena argitaratu zuen. Bertan, ikastetxeetan gailu digitalak ezartzearekin lotutako PISA txostenen datuak aztertzen dira.

Jarraitu irakurtzen

Izotzean ezkutatutako altxorra

BERRIA ikasgela / 2024-02-28 / 807 hitz

Izotzean sortzen diren burbuila txikiak ikertzen dituzte Izotzalaben, Leioan. Han gordeta daude atmosferaren aztarnak. Burbuila fitxategi horri esker, ikertzaileek jakin dezakete nolakoa zen duela 800.000 urteko atmosfera, eta gerora zer bilakaera izan duen.Ondorio argi bat atera dute: «Izotzean ikusten da nola gaur egun dugun berotzea orain arteko erregistroetan agertzen dena baino askoz handiagoa den».

Jarraitu irakurtzen

Balearen arrantza Ternua eta Kanada aldean

zuzeu.eus / 2023-10-29 / Joseaba Aurkenerena / 1191 hitz

Eta baleari jarraituz, Irlandatik eta Islandiatik urrunduz, euskal baleazaleak Groenlandiara iritsi ziren, eta hortik Ternua eta Kanada aldera. Noiz gertatu zen hori? Historialari batzuen arabera euskaldunak Ternuara 1375ean iritsi ziren eta sekretupean mantendu zuten hango lur eta itsasoetan lasai ederrean balearen eta bakailaoaren ustiaketan jarduteko. Lur haiek aipatzen zituztenean Uharte Mamuak edo Uharte Sekretuak deitzen zieten, beste inolako zehazkizunik eman gabe. Beste historialari batzuek diotenez 1412an iritsi ziren baleazale baionarrak lehen aldiz Ternua aldera. Bada teoria bat erraiten duena euskaldunak izan zirela lur haietan ziren bikingoen azken koloniak birrindu zituztenak.

Jarraitu irakurtzen

ZERRIA

Patxi Zubizarreta, Erein argitaletxea

Patxi Zubizarretak jasoko du Haur eta Gazte Literaturako sari espainola “Zerria” (Erein) lanagatik.

“Albisteak haginka egin zidan. Albisteak, behin batez, arrano bat ehizatu zuen gizona ekarri zidan gogora; izan ere ehiztaria espantu handiz ohartu zen hegaztiak, lepoaldeari atxikia, erbinude baten buru hezur higatua zeukala. Antza, arranoa erbinudeari oldartu zitzaion, baina ugaztunak, bere larri hartan, bizkor sartu zizkion hortzak. Beharbada arranoak hegan alde eginez erreakzionatuko zuen eta berehalakoan erbinudea airean eramango zuen, larruzko lepoko baten antzera, artean bizirik eta noizbait askatuko zelakoan: hala izatera, eszena miresgarria osatuko zuten biek ala biek ere zeruan gora. Baina litekeena ere bada arranoak erbinudea lurrean bertan moko ukaldika akabatu izana eta, iristen zen neurriraino, atzaparkadaka larrutzea eta erraiak ateratzea: hala izatera, arranoak eskeleto gero eta murritzagoarekin bizitzen jarraitu beharko zuen, hala zeruan nola lurrean, harik eta lepoan soilik erbinudearen kaskezur maiztua geratu zitzaion arte, harik eta, behin batez, ehiztariak eskopeta-tiroz hil zuen arte. Halatsu ni ere, deskubrimenduaren albistea jaso nuen une beretik. Zeren albisteak letaginak eta atzaparrak baitzeuzkan, eta ni indarrez zeharkatu, eta arrastaka eraman baininduen.

—Bereket! –Gaspard zen, eta asaldaturik eman zidan berria telefonoaren beste aldetik–. Gorpu batzuk deskubritu ditut Tsanfleuron glaziarrean, momifikatuak, gutxienez bi. Objektu bat baino gehiago ere bai, aldamenean. Zatoz polizia iritsi baino lehen! …” (9.-!0. or)

Adimen artifiziala: fikziotik errealitatera

BERRIA ikasgela / 2023-04-17 / 555 hitz

GPT-4 txatak agerian utzi du adimen artifiziala ez dela jada etorkizuneko kontua. Adituek diote aurrerantzean geroz eta arlo gehiagotara zabalduko dela, baina zer da adimen artifiziala? Nola funtzionatzen du, eta nola aldatuko du gaur egungo bizimodua?

Jarraitu irakurtzen