Kategoriaren artxiboa: Telesailak
Aldaketa pantaila txikitik
Lander Muñagorri Garmendia / 2016-03-08 / 888 hitz
Sarean soilik ikus daitezkeen fikzioko lanak dira webserieak. Bereizgarri konkretuak dituzte, eta iraupen motzekoak dira gehienak. Aldaketa ekarri du etengabe aldatzen ari den ikus-entzunezkoen alorrean. Euskaraz ere egin dituzte webserieak, baina bakanak izan dira.
Handitan Pippi izan nahi dut
Mikel Garcia Idiazkez / 2016-03-07 / 188 hitz
Ilobei esker berreskuratu dut harremana Pippi Galtzaluzeren istorioekin. Azkarra, independentea, bihurria, errebeldea, lotsagabea, menderakaitza, apur bat basatia, sormen handikoa, ausarta, alaia da Pippi, inguruan duen helduen mundu zurrunarentzat eredu deserosoa.
Pokemonek ere terrorismoa goratzen du
Bixenta Goikoetxea / 2016-03-05 / 156 hitz
Iskanbila sortu zuen Titiriteroen auziak, umeen ikuskizun batean terrorismoa goratzen zela eta. Orain, defentsa gisa, Alfonso Lázaro de la Fuente eta Raúl García Pérez titiriteroek azpimarratu dute beraien ikuskizunean baino askoz pasarte biolentoagoak eta errealistagoak azaltzen direla, esaterako, Pokemonen.
Itziar Atienza: «Umoreaz gain, telesailak jendea samurtzeko osagaiak ditu»
Urtzi Urkizu / 2016-02-23 / 520 hitz
Antzerkian egin zituen lehen pausoak aktore gisa, eta 2008. urtean Vaya semanita-ra iritsi zen Itziar Atienza (Galdakao, Bizkaia, 1977). ETB1eko hainbat saiotan aritu da gerora, tartean Bi eta bat telesailean eta Irrikitown umore programan. Eskamak kentzen-eko grabaketetan aktoreen artean izan duten harremana nabarmendu du: «Opari bat izan da».
Asteak daramatza ETBk Eskamak kentzen sustatzen. Iritsi da estreinaldi eguna. Ikusleek zer harrera egiten dioten jakiteko gogoz zaude?
Bai, jakina. Maitasun handiz eta entrega handiz egindako telesaila da, oso benetakoa, bihotz handia daukana. Euskal Herriaren benetako parte bat ere erakutsiko du. Espero dut oso harrera ona izatea. Umoreaz gain, jendea samurtzeko osagaiak eta emakume talde indartsu bat ditu.
Goenkale duela bi hilabete amaitu zen. Goenkale-ren ikusleak iritsiko zaizkizuela iruditzen zaizu?
Espero dezagun baietz. Goenkale-ren ikusleak oso ikusle fidelak izan dira urte askoan, eta telesailaren indar handienetako bat ikusleak izan dira. Ea publiko hori geureganatzen dugun. Eta ea ETBk fikzio polit bat modu iraunkor batean aurrera ateratzen duen.
Ez da lehen aldia ETBn umorea egiten duzuna. Komedian eroso sentitzen zara?
Komedian eta komedia ez den generoan ere bai. Baina komedia asko gustatzen zait. Genero zaila da, jendeak kontrakoa pentsa dezakeen arren. Komediarekin asko ikasten da erritmoez eta interpretaziorako garrantzitsuak diren zenbait gauzaz.
Zer behar du aktore batek jendea barrez lehertzen jartzeko?
Espontaneotasuna, bizitasuna eta norbere buruaz barre egiteko ahalmen handia. Azken hori oso garrantzitsua da.
Eskamak kentzen-ek ukitu soziala ere izango duela iragarri du ETBk.
Bai, hala da. Krisian dago herriko kontserba lantegia, eta langileak kalera joateko arriskuan dira. Langileek kooperatiba bat sortzea erabakiko dute, horrek ekar ditzakeen arazo guztiekin. Zorpetu egingo dira horretarako, baina ilusioz aterako dute lantegia aurrera. Alde horretatik, egun jende askok dituen lan baldintza gogorren isla izango da telesaila.
Abenduaren 31n amaitu zenituzten grabaketak. Ez da atsegina izango etengabe ikusle datuen menpe egon beharra beste denboraldi bat irits dadin, ezta?
Ez da atsegina, baina dagoena dago. Aktoreok onartzen dugun parte bat da, garratza. Azken finean, jendearentzat ari gara lanean, eta ez da justifikagarria inork ikusten ez duen zerbait aurrera ateratzea. Baina telesailak harrera ona izango duela uste dut. Zenbaki hutsez harago, ETBko zuzendariak esan du ikusleen iritzi kualitatiboak aintzat hartuko dituztela. Fikzio indartsu bat izatea makulu on bat da kate batentzat. Jendeak hemengo fikzioa nahi du. Izan dezagun itxaropena, eta ea Eskamak kentzen-eko lehen ataletik ikusleak kateatzen diren.
Pena litzateke atal gehiago ez grabatzea, ezta?
Bai, guretzat bai, behintzat. Istorioak askorako ematen du, eta gogoz gelditu naiz jakiteko nire pertsonaiarekin zer gertatuko den eta gainerakoei ere zer gertatuko zaien. Istorioa erabat zabalik bukatzen da. Lehen denboraldiaren amaieran, jakiteko gogo biziz geldituko da ikuslea.
Vaya semanita-n lanean aritu zinen garai batean. Geldialdi batean dago orain. Formula horrenak egin du?
Ez naiz hori esateko gai. Kanpora zoazenean denek ezagutzen duten formatu bat da. Hemen asko ikusi dugu saioa. Baina formatu moduan ez dago agortuta, gaur-gaurko gaiak umore ikuspuntutik lantzen baititu. Eta formula hori edonoiz saio batean aplikatzeko modukoa da.
2016. urterako zer beste proiektu dituzu?
Iaz Iñaki Dorronsororen Plan de fuga filmean parte hartu nuen, eta aurten estreinatuko dute. Bestetik, Donostia 2016ren barnean, Tanttakaren Uda-gau bateko ametsa antzezlanean ariko naiz. Udan antzeztuko dugu, Kristinaenea parkean, hilabete batez.
Rockaren zirku iluna
Edu Lartzanguren / 2016-02-16 / 563 hitz
Martin Scorseseren eta Mick Jaggerren ‘Vinyl’ telesaila estreinatu berri du HBO AEBetako kateak. New Yorkeko 1970eko hamarkadako musika eta droga munduan girotuta dago.
HBO Hego Euskal Herrira iritsiko da aurten: nola ordainarazi doan ikusten dena
Gorka Bereziartua Mitxelena / 2016-01-19 / 238 hitz
Netflixek iaz egin bezala, AEBetako HBO telebista kateak Internet bidezko zerbitzuak eskainiko ditu Hego Euskal Herrian 2016. urtean.