Sorginak

Beñi Agirre / 2016-10-03 / 1032 hitz

Emakumezkoek batez ere, eta ez Erdi Aroan bakarrik, sekulako jazarpena pairatu izan dute sorgin hitzarekin laidoztatu edo estigmatizatuak izan direnean. Sendabelarren ezagutzaz baliatuz sendatzeko edota ume berriak mundura ekartzeko langintzatik baztertuak izan ziren. Sorginkeria erabiltzen zutela leporatuz sutara kondenatuak eta erailak izan ziren. Batzuek nafar euskaldun emakumeen genozidioaz hitz egin izan dute. Zer ziren bada sorginak eta zergatik halako jazarpena?

Jarraitu irakurtzen

Kalean da emakume eta drogen inguruko gida!

Maitane de Anitua / 2016/09  / 327 hitz

2016ko uda honetan Ai Laket!! elkarteak ‘Emakumeak eta droga erabilerak’ gida atera du Gasteizko Udaleko Berdintasun Sailaren laguntzaz. Emakumeengatik eginiko emakumeentzako material honek Arrisku murrizketa neurriak biltzen ditu eta drogaren bat hartzea erabaki duen emakumeentzat erabilgarri izatea du helburu.

Jarraitu irakurtzen

Emakumeon gorputza gudu-zelai

Tere Maldonado / 2016-09-20 / 729 hitz

Egun gutxiko tartean, bi albiste harrigarri ezagutzeko parada izan dugu. Ustez ohituretan oso aurrerakoia den Frantzian izan dira bi gertakizun larriok. Lehenengoan, Nizako hondartza batean, lau gizon armatuk (lau poliziak, alegia) emakume bat larrugorritzera behartu zuten edo, behintzat, jantziak arintzera, arropa gehiegi zeramatzalakoan; gizonak zutik, emakumeari begira, azken hori hareatan eserita, alboan alaba negar batean zeukala. Bestean, Frantziako bertako beste puntako kostaldean, pertsona talde batek kristoren jipoia eman zion topless egiten zegoen emakume bati, hori ere senar eta seme-alabekin zegoela. Senarrak ezin izan zuen emaztea lagundu, bera ere kolpatu baitzuten eta asko baitziren erasotzaileak. Hedabideek kontatu zutenaren arabera, «basatia» izan zen erasoa. Suposatzen dut kasu horretan ere seme-alabek negar egingo zutela.

Jarraitu irakurtzen

INSPIRA STEAM sortu da, nesken bokazio teknologikoa sustatzeko proiektu aitzindaria

Elhuyar / 2106-09-15 / 203 hitz

INSPIRA proiektua sentsibilizazio- eta orientazio-ekintzetan oinarritzen da, eta ikerketaren, zientziaren eta teknologiaren munduko emakumezko profesionalek gauzatuko dute. Lehen aldia da taldeko mentoring-aren teknika erabiliko dena lehen hezkuntzako ikasleen artean STEAMak (Science, Technology, Engineering, Arts and Maths) sustatzeko proiektu batean (lehen hezkuntzako 5. eta 6. mailako neskekin jarriko da martxan). INSPIRAren fase pilotuan, 17 emakumezkok hartuko dute parte, beren borondatez, aholkulari gisa. Guztiak ere zientzialariak eta teknologoak dira, eta hainbat arlotan ari dira lanean: hezkuntzan, enpresan, ikerketan, kudeaketan eta abar.

Jarraitu irakurtzen

Himen nazionala

Miren Amuriza / 2016-09-07 / 174 hitz

Operazio kirurgikoetan ugarienetakoa ei da gaur egun himenoplastia, baginaren kanpoaldea inguratzen duen mintza berregitea. Himenak neskatilen genitalak babesten ditu nerabezaroan antigorputzak sortzen hasten diren arte. Orduan funtzioa galtzen du eta berez desegiten da, baita bestelako kontaktu eta praktika fisikoen eraginez ere (ez nahitaez koitoagatik). Paziente gehienak birjintasunak balio erantsia duen komunitateetakoak izan arren, ijitoak eta musulmanak kasu, geroz eta gehiago omen fetitxe sexualengatik edo bikotekideei «opari» hori egiteagatik operatzen direnak.

Jarraitu irakurtzen

Bigarren mailako festa

Jakes Goikoetxea / 2016-06-07 / 160 hitz

Garai berrietara egokitu nahi ez duten sinbolo bat, garai berrietara egokitu ez den klub bat eta garai berrietara egokitu ez den gizarte bat. Horixe guztia erakusten du Athleticek liga irabazi —bosgarrena— eta garaipena gabarra aterata ez ospatzeak. Athleticen garaipen handien ospakizunen sinboloa gizonentzat bakarrik da. Mezu horixe zabaldu dute, bosgarrenez.

Jarraitu irakurtzen

“Zerga paradisuak betetzeko, gure lurrak husten dituzte”

Edurne Elizondo / 2016-05-20 / 815 hitz

Bi tokitan, bi erakunderekin, baina antzeko lana egiten. Iruñera etorri dira Medea Fernandes (Gujarat, India, 1948) eta Hasina Syed (Anantapur, India, 1980), sorterrian garatu dituzten proiektuak azaltzera. Herri Senideak gobernuz kanpoko erakundeko kide da Fernandes, eta 25 urtez aritu da adivasi edo Indiako tribuetako emakumeekin kooperatibak sortzen. Nafarroan bizi da orain. Syed, berriz, Vicente Ferrer fundazioan aritzen da, ezintasunen bat duten emakumeentzat tailerrak antolatzen, lanpostua eta soldata lor ditzaten.

Zergatik ari zarete emakumeekin, batez ere?

MEDEA FERNANDES: Ni 25 urtez aritu naiz adivasi edo tribuetako emakumeekin. Haiekin bat egin, eta berehala sumatu nuen haien bizimoduaren eta haien errealitatetik kanpo garatzen zen merkatuaren arteko talka. Haiekin egon nintzen denbora horretan, haiekin egin nuen bidea, eta, aldi berean, ate bat zabaldu genuen elkarrekin. Mikrokredituen bidez hasi ginen kooperatibak sortzen, eta haien betiko ofizioei, nekazaritzari, basozaintzari, egiten zuten artisautzari bertze buelta bat eman genien, eta hasi ginen denda txikiak zabaltzen. Helburua zen haien beharrak betetzea. Izan ere, orduan jende gehiena ari zen kanpoko enpresentzat lanean, hirietan. Merke saldu behar zuten beren lana, eta duintasuna galtzen ari ziren. Kooperatiben bidez, bertze aukera bat lortu zuten. Orain, 80.000 emakumek osatzen dituzte kooperatiba horiek, eta federazioa osatu dute

HASINA SYED: Ni Vicente Ferrer fundazioko kidea naiz, eta, batez ere, lan egiten dut ezintasunen bat duten emakumeekin. Duela hamabost urte hasi nintzen. Indian, emakumea erabat baztertuta dago, are gehiago beheko kasta batekoa bada edo ezintasunen bat badu. Familiak ere baztertzen ditu. Are gehiago duela hamabost urte. Haurrentzat eskolak egin ditugu, eta tailerrak emakumeentzat, egiten dituzten eskulanak saltzeko. Soldata bat jasotzen dute lan horren truke.

Zuen esperientziatik, zer ematen du bidezko merkataritzak?

M.F.: Bidezko merkataritza da denei ematea berdin, eta bazter uztea herrien artean dagoen aldea. Ez da hainbertze alderdi ekonomikoa, baizik eta pertsonari ematen dion duintasuna. Hori da gakoa. Emakumea, batez ere, sistemari edo merkatuari eusteko erabiltzen den tresna bilakatu da. Erabili egiten dute. Bidezko merkataritzak, berriz, berdintasuna eta justizia ematen dizkio.

H.S.: Bidezko merkataritza, batez ere, aukera bat da. Gure produktuak erosten dituenak badaki zerbait erosi baino gehiago egin duela; badaki erosketa horrek ezintasun bat duen emakume bat laguntzen duela. Emakumeok duindu egiten dira lanarekin, eta horrek balio erantsia ematen dio prozesuari.

Emakumeak erabiltzen dituztela diozue; emakumeak dira egungo merkataritza sistemaren ondoriorik txarrenak pairatzen dituztenak?

M.F.: Hala da. Gogoratu zer gertatu zen Bangladeshen. Europan, adibidez, ezberdintasuna bada gizonen eta emakumeen artean, baina Indian are agerikoagoa da, eta are sakonagoa. Emakumea gizonaren jabego bat da, eta egoera horrek ekartzen ditu emakumeek pairatzen dituzten gainerako bazterketak. Sistema osoan agerikoa da ezberdintasun hori.

H.S.: Ezberdintasunak, oraindik ere, nabarmenak dira, baina ari gara hori aldatzeko lanean. Gizonekin ere bai. Oraindik lan anitz dago egiteko, hala ere.

Zuen lanaren bidez emakumeak ahalduntzen saiatzen zarete. Zer ondorio du horrek egunerokoan?

M.F.: Gizonek mehatxu baten gisa hartzen dute hori, neurri handi batean. Batez ere, emakumeek soldata bat lortzea. Eta horrek ekarri du emakumeen kontrako indarkeriak gora egitea. Hori ezin dugu ukatu. Horregatik uste dut heziketa landu beharreko gai funtsezko bat dela, hain sakon errotuta dagoen matxismo horri aurre egin ahal izateko.

H.S.: Argi dago Indian hemen baino atzerago gaudela emakumeen aldeko borrokaren esparruan. Baina ari gara urratsak egiten, poliki-poliki. Ahalduntzea da kontua, eta lanaren bidez lortzen dute. Helburua da emakumeek merezi duten errespetua lortzea etxean, bai eta gizartean ere.

Mendebaldeko herriek ere badute ardura egoera horretan, ezta?

M.F.: Nik lan egin dudan esparruan, jendeak komunitate bat osatzen du. Gaur egungo krisi ekologikoak gogor eragin die. Lurrak kendu dizkiete. Haien basoak suntsitu dituzte. Haiekin egindako lanik garrantzitsuena izan da konturatzea egoera hori guztia zerk eragiten duen. Multinazionalak daude haien lurren galeraren atzean. Aldaketa gertatu dela uste dut, eta gaur egungo merkatuaren erantzukizuna argi ikusten dute hango tribuek. Borroka egiten hasi dira, eta lortu dituzte garaipenak ere. Zerga paradisuak betetzeko, gure lurrak husten dituzte. Egin ditugu urratsak, eta uste dut etorkizunera begira ere jende horrek duela giltza. Badakitelako zer den sufritzea. Badakitelako zer den dutena galtzea. Haien indarra da komunitatea. Eta ezin dugu ahaztu Indian 1.000 milioi garela!

Populazioaren %1en esku dago munduko aberastasunaren erdia. Nola aldatu hori?

M.F.: Aldaketa gertatu behar da han eta hemen. Mendebaldeko herriek argi izan behar dute beren aberastasunaren oinarria dela bertze batzuen pobrezia. Ondorioz, bi aldeetan aldatu behar dira gauzak.

H.S.: Bidezko merkataritzak ere balio du zubiak eraikitzeko. Sortzen dira harremanak hemengoen eta hangoen artean. Hemen bidezko merkataritzako produktuak erosteak ekartzen du han lana ematea lan horren beharra dutenei, eta tresnak ematea pertsona horiei aurrera egiteko, haien egunerokoa hobetzeko. Hemengo erosleek ere argi izan behar dute hori, eta bidezko merkataritzaren alde egin.

Zer pentsatzen duzue Iruñearen gisako hiri bateko arropa denda handien aurretik pasatzen zaretenean?

M.F.: Eskulan merkea dago halako denden atzean. Erosten duenak argi izan behar du. Multinazionalak dira munduko bekaturik handiena, ez dituztelako beharrak betetzen. Haien atzean jendearen izerdia dago, bai eta anitzen bizitza ere. Langileak esklabo dira.

H.S.: Jendeak jakin behar du bere diruarekin lor dezakeela anitz. Erosten duenaren arabera, noski. Bidezko merkataritzaren atzean dagoen jendea izan behar du erosleak buruan. Kontsumitzaileak indar handia du, ezin dugu hori ahaztu.