Mikel Garcia Idiakez / 2016-10-10 / 226 hitz
Ez al dituzte gizon guztiek euren konkistak haizatzen? Ez al da naturala gure balentriez apur bat fardatzea, maliziarik gabe? Geneetan daramagu, bestela zergatik hauspotu dute hainbeste gure txorta-jotzea whatsappez whatsapp, komentario jokosoz, txaloz eta emotikono ironikoz lagunduta, zergatik bilatu dute sarean zein den emakumea eta gustura aritu dira katxondeatzen? Kezka gutxi tiparekiko, eta orain marroia nik jan behar, zer eta gutxi batzuei erakusteko eta barre batzuk botatzeko bideoa grabatzeagatik. Pentsatu al du norbaitek nola eragin diezaiokeen honek nire irudiari, nire karrerari? Jainkoarren, Lehen Mailako futbolaria naiz! Emakume hori ez da inor; umiliatuko dutela? Gustura asko aritu zen ba, ederki gozatu zuen, eta bi jokalari profesionalekin gainera! Duela gutxi Italian neska batek bere buruaz beste egin zuela antzeko kasu baten ondorioz? Baina oraingo amek ez al diete esaten txintxo portatzeko, suarekin jolasteak erre zaitzakeela? Salaketa jarri dit eta bi delitu egin omen ditut, baimenik gabe intimitatean gertaturikoa grabatzea eta irudi horiek zabaltzea, baina lasai nago, pasako da guztia, ez naiz ez lehenengo ez azkeneko futbolari profesionala eskandalu sexualen batean harrapatu dutena eta beti atera dira onik, hemen futbolari ona izatea da inportanteena eta horrelako txikikeriak onartzen zaizkigu, gu ez gara edonor, negozioaren parte garrantzitsua gara, ziur zale gehienen babesa izango dudala; zelaian huts egiten badut, orduan bai, entzungo ditut txistuak. Zorionez, asko dira oraindik nik bezala pentsatzen dutenak, feminaziek xaxatuta batzuek zarata pixka bat atera duten arren.