Joseba Aurkenerena / 2019-01-20 / 1627 hitz
Gure arbaso zaharrek, laborantzatik bizi zirenez gero, gogoeta sakona egin zuten urteaz, urtaroez, egunaren eta gauaren txandatzeaz, biziaren gurpilaz, eguzkiak urtean zehar egiten duen ibilbideaz, ilargiaren aldiez, egutegiaz, emankortasunaz, jainko eta jainkosez… Eta horrela urtaroen banatzaile diren solstizio eta ekinozioetan euren jai erritual handiak ezarri zituzten. Jai horietan naturarekin biziki lotuak ziren dibinitateak gurtzen zituzten: In edo –Inko-, Egu, Eki, Ilargi… eta jai hauek horien ohorez burutzen zituzten. Eguzkiaren besta handia udako solstizioaren inguruan izaten zen, eguzki jaioberriaren besta neguko solstizioan eta In jainkoaren besta udaberriko ekinozioan. Horrela izaki, hainbat adituren ustez, inauteria azaltzeko dugu lehen hitza, INOTE litzateke, eta In jainkoaren garaia esan nahiko luke (In-o- + -te).