Rosa Maria Calaf: «Jakintza ukatzea da menderatzeko era bat»

Iker Tubia / 2016-06-08 / 604 hitz

Kazetari ezaguna, 93 herrialdetan berriemaile aritu da Calaf, TVEren mikroa eskuan. Sari anitz jaso ditu bere jardunarengatik, eta, erretiroa hartuta ere, hitzaldiak eta eskolak ematen ditu orain.

Jarraitu irakurtzen

Ignacio Aranguren: “Antzerkia ez da sekula desagertuko, gune magikoa baita”

Asier Garcia Uribarri / 2016-06-03 / 845 hitz

Antzerkia eta hezkuntza. Horiek dira Ignacio Aranguren (Iruñea, 1953) irakasle eta antzerkilariaren bi pasioak. Ikasleen eskariz, bi horiek uztartu zituen 1978. urtean, Navarro Villoslada institutuko antzerki tailerra sortuz. Geroztik, 35 urtez jarraitu du proiektuarekin. Egindako lana aitortzeko, aurreko larunbatean Nafarroako kultura sari nagusia jaso zuen Arangurenek: Vianako Printzea.

Jarraitu irakurtzen

Muriel Ruiz de Larramendi, eskalatzailea: «Lehiatzeak sortzen didan zirrara ez dut beste inon topatu»

Gaztetasuna bai, baina lana, teknika, ikasteko gogoa eta ilusioa ere bai. Muriel Ruiz de Larramendik progresio izugarria izan du eskalatzen daramatzan urte apurretan, Gorka Karapetoren gidaritzapean.

Jarraitu irakurtzen

Oihana Goikoetxea (Idomeniko boluntarioa): “Kanpoko laguntza barik errefuxiatuak salduta daude”

Salabardoa / 2016-05-30 / 568 hitz

Greziako Polizia Idomeniko kanpalekua desegiten hasi da bart goizaldean [maiatzak 24]. Ehunka poliziak kanpalekurako sarbideak itxi dituzte, eta boluntario nahiz kazetariak handik aterarazi dituzte. Kanporatu dituzten boluntarioen artean zeuden Enara eta Oihana Goikoetxea Osa ondarrutarrak. Maiatzaren 11z geroztik Idomeniko kanpalekuan laguntzen aritu dira ondarrutarrak, Alivio Dolores izeneko klinika mugikorrean. Arreta medikua eskaintzen aritu dira ahizpa biak; Enara medikua da, eta Oihana, ostera, erizaina.

Jarraitu irakurtzen

Lagunaren alboan

Imanol Magro Eizmendi / 2016-05-26 / 1618 hitz

Maisu eta ikasle dira, botilero eta pilotari. Konplizitatea nagusi da Pablo Berasaluzeren eta Mikel Urrutikoetxearen artean. Giro onean mintzatu dira igandeko finalaz eta beteranoaren agurraz.

Jarraitu irakurtzen

Maribel Salas: «Umorea tresna bat da gauza guztiez hitz egiteko»

Urtzi Urkizu / 2016-05-25 / 287 hitz

“Vaya semanita” ren denboraldi arrakastatsuenetan parte hartu zuen Maribel Salasek (Barakaldo, Bizkaia, 1965). Orduz geroztik, telesail ugaritan parte hartu du.

Jarraitu irakurtzen

“Zerga paradisuak betetzeko, gure lurrak husten dituzte”

Edurne Elizondo / 2016-05-20 / 815 hitz

Bi tokitan, bi erakunderekin, baina antzeko lana egiten. Iruñera etorri dira Medea Fernandes (Gujarat, India, 1948) eta Hasina Syed (Anantapur, India, 1980), sorterrian garatu dituzten proiektuak azaltzera. Herri Senideak gobernuz kanpoko erakundeko kide da Fernandes, eta 25 urtez aritu da adivasi edo Indiako tribuetako emakumeekin kooperatibak sortzen. Nafarroan bizi da orain. Syed, berriz, Vicente Ferrer fundazioan aritzen da, ezintasunen bat duten emakumeentzat tailerrak antolatzen, lanpostua eta soldata lor ditzaten.

Zergatik ari zarete emakumeekin, batez ere?

MEDEA FERNANDES: Ni 25 urtez aritu naiz adivasi edo tribuetako emakumeekin. Haiekin bat egin, eta berehala sumatu nuen haien bizimoduaren eta haien errealitatetik kanpo garatzen zen merkatuaren arteko talka. Haiekin egon nintzen denbora horretan, haiekin egin nuen bidea, eta, aldi berean, ate bat zabaldu genuen elkarrekin. Mikrokredituen bidez hasi ginen kooperatibak sortzen, eta haien betiko ofizioei, nekazaritzari, basozaintzari, egiten zuten artisautzari bertze buelta bat eman genien, eta hasi ginen denda txikiak zabaltzen. Helburua zen haien beharrak betetzea. Izan ere, orduan jende gehiena ari zen kanpoko enpresentzat lanean, hirietan. Merke saldu behar zuten beren lana, eta duintasuna galtzen ari ziren. Kooperatiben bidez, bertze aukera bat lortu zuten. Orain, 80.000 emakumek osatzen dituzte kooperatiba horiek, eta federazioa osatu dute

HASINA SYED: Ni Vicente Ferrer fundazioko kidea naiz, eta, batez ere, lan egiten dut ezintasunen bat duten emakumeekin. Duela hamabost urte hasi nintzen. Indian, emakumea erabat baztertuta dago, are gehiago beheko kasta batekoa bada edo ezintasunen bat badu. Familiak ere baztertzen ditu. Are gehiago duela hamabost urte. Haurrentzat eskolak egin ditugu, eta tailerrak emakumeentzat, egiten dituzten eskulanak saltzeko. Soldata bat jasotzen dute lan horren truke.

Zuen esperientziatik, zer ematen du bidezko merkataritzak?

M.F.: Bidezko merkataritza da denei ematea berdin, eta bazter uztea herrien artean dagoen aldea. Ez da hainbertze alderdi ekonomikoa, baizik eta pertsonari ematen dion duintasuna. Hori da gakoa. Emakumea, batez ere, sistemari edo merkatuari eusteko erabiltzen den tresna bilakatu da. Erabili egiten dute. Bidezko merkataritzak, berriz, berdintasuna eta justizia ematen dizkio.

H.S.: Bidezko merkataritza, batez ere, aukera bat da. Gure produktuak erosten dituenak badaki zerbait erosi baino gehiago egin duela; badaki erosketa horrek ezintasun bat duen emakume bat laguntzen duela. Emakumeok duindu egiten dira lanarekin, eta horrek balio erantsia ematen dio prozesuari.

Emakumeak erabiltzen dituztela diozue; emakumeak dira egungo merkataritza sistemaren ondoriorik txarrenak pairatzen dituztenak?

M.F.: Hala da. Gogoratu zer gertatu zen Bangladeshen. Europan, adibidez, ezberdintasuna bada gizonen eta emakumeen artean, baina Indian are agerikoagoa da, eta are sakonagoa. Emakumea gizonaren jabego bat da, eta egoera horrek ekartzen ditu emakumeek pairatzen dituzten gainerako bazterketak. Sistema osoan agerikoa da ezberdintasun hori.

H.S.: Ezberdintasunak, oraindik ere, nabarmenak dira, baina ari gara hori aldatzeko lanean. Gizonekin ere bai. Oraindik lan anitz dago egiteko, hala ere.

Zuen lanaren bidez emakumeak ahalduntzen saiatzen zarete. Zer ondorio du horrek egunerokoan?

M.F.: Gizonek mehatxu baten gisa hartzen dute hori, neurri handi batean. Batez ere, emakumeek soldata bat lortzea. Eta horrek ekarri du emakumeen kontrako indarkeriak gora egitea. Hori ezin dugu ukatu. Horregatik uste dut heziketa landu beharreko gai funtsezko bat dela, hain sakon errotuta dagoen matxismo horri aurre egin ahal izateko.

H.S.: Argi dago Indian hemen baino atzerago gaudela emakumeen aldeko borrokaren esparruan. Baina ari gara urratsak egiten, poliki-poliki. Ahalduntzea da kontua, eta lanaren bidez lortzen dute. Helburua da emakumeek merezi duten errespetua lortzea etxean, bai eta gizartean ere.

Mendebaldeko herriek ere badute ardura egoera horretan, ezta?

M.F.: Nik lan egin dudan esparruan, jendeak komunitate bat osatzen du. Gaur egungo krisi ekologikoak gogor eragin die. Lurrak kendu dizkiete. Haien basoak suntsitu dituzte. Haiekin egindako lanik garrantzitsuena izan da konturatzea egoera hori guztia zerk eragiten duen. Multinazionalak daude haien lurren galeraren atzean. Aldaketa gertatu dela uste dut, eta gaur egungo merkatuaren erantzukizuna argi ikusten dute hango tribuek. Borroka egiten hasi dira, eta lortu dituzte garaipenak ere. Zerga paradisuak betetzeko, gure lurrak husten dituzte. Egin ditugu urratsak, eta uste dut etorkizunera begira ere jende horrek duela giltza. Badakitelako zer den sufritzea. Badakitelako zer den dutena galtzea. Haien indarra da komunitatea. Eta ezin dugu ahaztu Indian 1.000 milioi garela!

Populazioaren %1en esku dago munduko aberastasunaren erdia. Nola aldatu hori?

M.F.: Aldaketa gertatu behar da han eta hemen. Mendebaldeko herriek argi izan behar dute beren aberastasunaren oinarria dela bertze batzuen pobrezia. Ondorioz, bi aldeetan aldatu behar dira gauzak.

H.S.: Bidezko merkataritzak ere balio du zubiak eraikitzeko. Sortzen dira harremanak hemengoen eta hangoen artean. Hemen bidezko merkataritzako produktuak erosteak ekartzen du han lana ematea lan horren beharra dutenei, eta tresnak ematea pertsona horiei aurrera egiteko, haien egunerokoa hobetzeko. Hemengo erosleek ere argi izan behar dute hori, eta bidezko merkataritzaren alde egin.

Zer pentsatzen duzue Iruñearen gisako hiri bateko arropa denda handien aurretik pasatzen zaretenean?

M.F.: Eskulan merkea dago halako denden atzean. Erosten duenak argi izan behar du. Multinazionalak dira munduko bekaturik handiena, ez dituztelako beharrak betetzen. Haien atzean jendearen izerdia dago, bai eta anitzen bizitza ere. Langileak esklabo dira.

H.S.: Jendeak jakin behar du bere diruarekin lor dezakeela anitz. Erosten duenaren arabera, noski. Bidezko merkataritzaren atzean dagoen jendea izan behar du erosleak buruan. Kontsumitzaileak indar handia du, ezin dugu hori ahaztu.