ZERRIA

Patxi Zubizarreta, Erein argitaletxea

Patxi Zubizarretak jasoko du Haur eta Gazte Literaturako sari espainola “Zerria” (Erein) lanagatik.

“Albisteak haginka egin zidan. Albisteak, behin batez, arrano bat ehizatu zuen gizona ekarri zidan gogora; izan ere ehiztaria espantu handiz ohartu zen hegaztiak, lepoaldeari atxikia, erbinude baten buru hezur higatua zeukala. Antza, arranoa erbinudeari oldartu zitzaion, baina ugaztunak, bere larri hartan, bizkor sartu zizkion hortzak. Beharbada arranoak hegan alde eginez erreakzionatuko zuen eta berehalakoan erbinudea airean eramango zuen, larruzko lepoko baten antzera, artean bizirik eta noizbait askatuko zelakoan: hala izatera, eszena miresgarria osatuko zuten biek ala biek ere zeruan gora. Baina litekeena ere bada arranoak erbinudea lurrean bertan moko ukaldika akabatu izana eta, iristen zen neurriraino, atzaparkadaka larrutzea eta erraiak ateratzea: hala izatera, arranoak eskeleto gero eta murritzagoarekin bizitzen jarraitu beharko zuen, hala zeruan nola lurrean, harik eta lepoan soilik erbinudearen kaskezur maiztua geratu zitzaion arte, harik eta, behin batez, ehiztariak eskopeta-tiroz hil zuen arte. Halatsu ni ere, deskubrimenduaren albistea jaso nuen une beretik. Zeren albisteak letaginak eta atzaparrak baitzeuzkan, eta ni indarrez zeharkatu, eta arrastaka eraman baininduen.

—Bereket! –Gaspard zen, eta asaldaturik eman zidan berria telefonoaren beste aldetik–. Gorpu batzuk deskubritu ditut Tsanfleuron glaziarrean, momifikatuak, gutxienez bi. Objektu bat baino gehiago ere bai, aldamenean. Zatoz polizia iritsi baino lehen! …” (9.-!0. or)

Anjel Lertxundiren “Haltzaren muinoa” liburuaren pasarte bat

“HISTORIA HAU hasten den puntuan, haltza triste dago, eta haren hosto berde-berdeak dardaraka daude. Halaxe jartzen dira, dardaraka, haltza tristazen den aldiro.

Eguzkia den guztietan bezala, sugandila bat agertu da, sigi-saga, sustrai-saihets batetik. Sustrai artean hasi da sano-sano jolasean, sasirik sasi orain, soro-paretetan gora gero, hesi-saretetan behera segidan. Beste sugandila bat presentatu da serio-serio bisitan. So-so daude elkarri. Bata besteari sigi-saga segika hasi dira segituan.

Sugandilek eragindako kilimak sentitzen ditu haltzak bere sustraietan, baina gaur ez dauka barre egiteko gogorik”. (14 or.)

Jarraitu irakurtzen

Ezin dut, ama

Karmele Jaio / 2020-06-19 / 413 hitz

Ia hiru hilabetez elkar ikusi gabe, azkenean zita eman didate zaharren egoitzan ama ikusteko. Tenperatura hartu didate, eskuak garbitu ditut eta egoitzako langile batek harrera aretoan dagoen amarengana lagundu dit. Nire urduritasuna maskararen azpian ezkutatuta, arretaz entzun ditut bidean eman dizkidan ohar guztiak: ezin duzue elkar ukitu, ezin duzue maskara kendu, berrogeita hamar minutu dituzue.

Jarraitu irakurtzen

Datuen atzeko izen eta izanak

Edurne Elizondo / 2020-05-22 / 578 hitz

Datu hutsak izen bilakatzeko. Helburu horrekin osatu du Nafarroako Memoriaren Institutuak nazien kontzentrazio esparruetan itxi zituzten nafarren behin-behineko errolda. Oraingoz, berrogeita hemezortzi daude zerrendan, hiru arlotan sailkatuta: hildakoena eta desagertuena da lehena; ihes egitea lortu zutenena bigarrena; eta askatu zituztenena, berriz, azkena. Institutuko arduradunek beren webgunean jarri dute informazioa, herritarren esku. Hutsune anitz bete dituzte, eta oraindik daudenak betetzen segitu nahi dute, behin betiko zerrenda osatzea lortu arte.

Jarraitu irakurtzen

Zergatik ospatzen da martxoaren 8an emakume langileen nazioarteko eguna?

Ane Miren Etxaniz / 2020-03-06 / 316 hitz

Emakume langilearen nazioarteko eguna da gaur, martxoaren 8a. Gaurko egunez, emakume eta gizonezkoen berdintasunaz gain, jendarte eredu parekide baten aldarrikapena egiten da. Egin dezagun atzera baina, eta ikusi zergatik ospatzen den gaurko egunez eta zeren omenetan.

Jarraitu irakurtzen