Italiak, larruaren ekoizpenean erabiltzeko, animaliak heztea debekatu du

Jaione Dagdrømmer @hellehellei / 2022/01/12

Honela, Italia, debeku mota hau ezartzen duen Europako herrialdeen zerrendara gehitu da eta jada hogei dira.

Industria krudel eta zaharkituari amaiera eman nahi dio Italiak debeku honekin. Hori dela eta, urtarrilaren 1etik ezin dira bisoiak, azeriak, mapatxeak edota larruaren ekoizpenerako  erabiltzen diren beste edozein animalia umatu. 

Animalien eskubideak defendatzen dituztenentzat sekulako garaipena izan da, batez ere, jakinik, Italia larruen munduko merkatuan goren postuetan dagoen herrialdea dela. Animalien ongizatearen aldeko elkarteen urteetako protesta, manifestazio eta ekintzek beren fruituak eman dituzte eta urte batzuk badira jada italiar arropa marka entzutetsuak (Prada, Valentino, Armani, Versace, Gucci) larruak erabiltzeari utzi diotela. Orain, Italiako luxuzko moda industriak hasitako bidea babestu du gobernuak eta larrua ekoizteko animaliak heztea debekatu du Senatuak.

Debeku honekin batera, bisoi larrua ekoizten duten 10 lantoki ere itxi dira. Lantoki guztien itxiera 2022ko ekainerako aurreikusten da. Larruekin lan egiten zuten langileen galera konpentsatzeko Nekazaritza ministerioak 3 milioi euroko diru-funtsa ere iragarri du. 

Kandinskyren tradizioa

Erein argitaletxea

“Behin batean, amak liburutegitik jaso ohi zituen liburuen artean, “Kandinsky eta ni” izenburukoa atzeman nuen, pintorearen alargunak idatziriko memoria liburu bat, zeinean oso anekdota bitxia ageri den. Dirudienez, antzinako ohitura bati jarraiki, tsarren Errusian, Urtezahar eta urteberri arteako gauean, neska gazteak kalera ateratzen ziren aurkitzen zuten lehendabiziko gizonari izena galdetzeko, ustea baitzen hura bezala deitzen zen batekin ezkonduko zirela.

Urtezahar-gau batean, Nina Kandinsky ere, gainerako neska gazteak bezala, kalera atera zen eta aurkitu zuen aurreneko gizonak, bere esanetan gazte guztiz atsegin batek, izena Wassily zuela esan omen zion. Egundoko desilusioa izan bide zuen, bere senarrarentzat benetan atsegin zitzaiokeen izena errusiar tradizio zaharreko Gregor baitzen. Baina handik denbora batera, ordea, 1916an, Wassily Kandinsky margolari famatua ezagutu ondoren, berarekin ezkondu eta zoriontsu bizi izan omen zen urte askoan.

Anekdota irakurri nuenean abenduaren lehendabiziko egunetan geunden eta, auskalo zergatik, horrelako eroaldiak izaten baititugu, zera sartu zitzaidan buruan, Errusian balekoa zenak balio behar zuela hemen, eta erabaki nuen neuk ere, Kandinskyren emazteak bezala, saioa egin behar nuela.”

(7 eta 8 orrialdeak)

Postalak: denbora opari

BERRIA / 2021-09-18 / 302 hitz (moldatua)

Zenbait postal bidali dituzu? Zenbat jaso? Idazten du jendeak postalik? Postariek diote geroz eta gutxiago idazten direla, baina «bizirik» daudela. Idazten dituztenek diote «ekintza atenporal bat» dela, baina gelditzen direla oraindik erresistenteak eta erromantikoak. 

Jarraitu irakurtzen

Instagram: sare sozialetan nagusi

Berria ikasgela 2021-11-18 / 133 hitz

Munduan erabiltzaile gehien duten sare sozialetako bat da. Gazteak dira erabiltzaile gehienak, hau da, 18 eta 34 urte bitartekoak. Komunikazio adituen ustez, tresna azkar eta erraza da. Soiltasunak bermatu dio nagusitasuna.

Instagraman sare sozialaren aplikazioa, mugikor batean. FILIP SINGER / EFE
Jarraitu irakurtzen

Anjel Lertxundiren “Haltzaren muinoa” liburuaren pasarte bat

“HISTORIA HAU hasten den puntuan, haltza triste dago, eta haren hosto berde-berdeak dardaraka daude. Halaxe jartzen dira, dardaraka, haltza tristazen den aldiro.

Eguzkia den guztietan bezala, sugandila bat agertu da, sigi-saga, sustrai-saihets batetik. Sustrai artean hasi da sano-sano jolasean, sasirik sasi orain, soro-paretetan gora gero, hesi-saretetan behera segidan. Beste sugandila bat presentatu da serio-serio bisitan. So-so daude elkarri. Bata besteari sigi-saga segika hasi dira segituan.

Sugandilek eragindako kilimak sentitzen ditu haltzak bere sustraietan, baina gaur ez dauka barre egiteko gogorik”. (14 or.)

Jarraitu irakurtzen