Europako hegaztien migrazioen online atlasa

Elhuyar aldizkaria / 2022-06-02 / 184 hitz

Europako Hegazti Migratzaileen Atlasa aurkeztu du Europako hegaztien eraztuntzeak koordinatzen dituen EURING erakundeak. Europan habia egiten duten 300 hegazti-espezieren migrazio-ibilbideak eta mugimenduak kontsulta daitezke online, migrationatlas.org webgunean.

Lan aitzindaria da Europa mailan, ez baitago hegaztien migrazio-ibilbideei buruzko informazio hain zehatzarekin aldera daitekeen ekimenik. Atlas hau egiteko datuak eman dituzten bulegoen artean, Aranzadiko Eraztun Bulegoa dago.

Migrazio-bidaiez eta birharrapaketez gain, hegazti espezie bakoitzerako egindako fitxak ere kontsulta daitezke. Fitxa bakoitzak Europako populazioen egoerari, joerei eta mehatxu-kategoriei buruzko informazioa jasotzen du.

Halaber, hegaztia birharrapatu zenean zein egoeratan zegoen ere ikus daiteke. Juan Arizaga, Aranzadiko Eraztun Bulegoko zuzendariaren hitzetan, “oso deigarria da ikustea 1960 baino lehen hegaztien birharrapaketa gehienak hegazti hilenak edo ehizatuenak izaten zirela. Orain joera alderantzikatu egin da, eta pozgarria da ikustea hegazti gehienak eraztunak jartzeko kanpainetan ikusten eta berreskuratzen direla”. Halaber, naturaren ezagutzaren eta kontserbazioaren alde modu altruistan eraztuntze kanpainetan egiten den lanaren balioa azpimarratu du Arizagak.

2024an, Aranzadiko Eraztun Bulegoak 75 urte beteko ditu, eta zuzendariak etorkizunerako proiektu berri bat aurreratu du: “bulegoaren mugarrietako bat izango da Euskadiko hegazti migratzaileen atlasa argitaratzea”.

Nerabe askok ikusten dute pornografia

BERRIA Ikasgela / 2021eko abuztuaren 20a / 55 hitz

Save the Children erakundeak eman du datua: pornografia kontsumoa handia da nerabeen artean, eta oso goiz hasten dira ikusten. Haren datuen arabera, hiru nerabetik bik «nahiko maiz» jotzen dute pornografiara.

Save the Children erakundearen arabera, nerabeak oso gaztetan hasten dira kontsumitzen pornografia: batez beste, 12 urterekin. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 13 eta 17 urte bitarteko gazteen artean egindako inkesta batetik atera dituzte datuak, baina Euskal Herri osorako balio dezakete emaitzek.

Ondorioztatu dutenez, pornografiatik hartzen dituzte ideiak sexu harremanetarako. Horren «arriskuez» ohartarazi dute: pornografia «fikzioa» baita, ez errealitatearen ispilua.