Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleen hizkuntza atxikimendua lantzeko irakasleen prestakuntza ezinbesteko zutabea da. Aspaldidanik ari gara irakasleak gai honetan trebatzen, hala ere, beharrezkoa ikusi dugu Autoformaziorako materiala aukeratu eta didaktizatzea, eta horixe da hemen aurkituko duzuna. Irakasleen trebakuntzarako gune honetan zenbait eduki, ariketa eta material osagarri bildu ditugu irakasleak prestakuntza ibilbidea egin dezan.
Prestakuntza ibilbidea zenbait ataletan bildu dugu, hasteko "Zergatik landu behar den hizkuntza atxikimendua eskolan" ariketa aurkituko duzu. Ondoren 4 atal nagusi dituzu: lehenengoa, atxikimendu lingusitikoaren osagaiak; bigarrena, ohitura linguistikoak; hirugarrena, hizkuntza eragileen eta espazioen funtzioak eta, laugarrena, esku-hartzeen diseinua. Atal nagusi horietaz gain, beste atal batzuk ere gehitu ditugu: gunean agertzen diren kontzeptuen glosarioa (testuan (G) ikurraz markatuta), erabili ditugun oinarri teorikoak, sakontzeko materialak eta bibliografia.
Laugarren atalean, irakasleak esku-hartzeak diseinatzeko orientabideak eta eredu praktikoak izanen ditu. Atal hau hiru azpi-ataletan banatu dugu ikasleen adina eta garapenaren arabera, bai irakaslearen rola eta estrategiak, bai esku-hartze motak nabarmen desberdinak izan daitezkeelako. Beraz, irakasle bakoitzak dagokion adin tarteari erreparatuta atal bat, bestea ala bestea egitea erabakiko du.
- Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 4.era.
- LHko 5. eta 6. mailak.
- Bigarren Hezkuntza: DBH, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa.
Hala ere, komenigarria da irakasleek gainerako ikasmailetako estrategien eta esku-hartzeen berri izatea.
Atal nagusi bakoitzaren baitan edukiak eta ariketak aurkituko dituzu, eduki eta azalpenez gain ariketa praktikoekin transmititu nahi diren edukiak errazago eta hobeki ulertzeko. Gure aholkua da ikastaroarekin hasieratik hastea eta ezarritako hurrenkera jarraitzea. Ikastaroaren baitan eduki ugari daude eta asko berriak izan daitezke irakaslearendako, ez etsi eta segi aurrera bukaeraraino, poliki-poliki ulertzen joan baitzaitezke bertan dagoen materiala.
Espero dugu prestakuntza baliagarria izatea zuen ikasleen hizkuntza atxikimendua ulertu eta hobetzeko.