Saltatu nabigazioa

1.2. Osagai afektibo-soziala

Praktika linguistikoen jokalekua

Komunikazioaren legeak. Harremanak egitea
Giza komunikazioaren funtzioaz galdetzen badigute, burura datorkigun lehen erantzuna zera da: ideiak, pentsamenduak eta, orokorrean, informazioa trukatzea dela komunikatzeko daukagun arrazoirik behinena. Izan ere, gehienetan, ezkutuan geratu ohi zaigu ekintza komunikatibo gehien-gehienak (hitzezkoak eta ez-hitzezkoak) gure harreman sozialak eraikitzeko eta elikatzeko egiten ditugula (Watzlawick:1987). Besteek gu onartzeko eta aintzat hartzeko mintzatzen gara, batez ere; eta harreman komunikatibo bakoitzean gure irudiaren proiekzioa testatzen dugu: “Naizen bezalakoa onartzen naute? Zerbait aldatu behar dut?"

Beraz, esan daiteke elkarrekintza komunikatiboetan asko daukagula jokoan, izan dugun ideia edo pentsamendu bat transmititzea baino zerbait oinarrizkoagoa eta indartsuagoa: gure lekua gertuko harreman sarean. Horregatik hiztun elebidunek daukaten tresnarik eraginkorrena aukeratuko dute beti komunikazio ekintza arrakastaz burutzeko.

Kontuan hartu behar da, bestalde, hiztun taldeak berezko arauak eta ezaugarriak dauzkaten sistemak direla; hau da, taldea hiztunen batuketa baino gehiago dela eta erabileran, hiztunen ezaugarriek ez ezik, eraikitako harremanen nolakotasunak ere eragina izanen duela. Botere harremanak eta presioak, erabilitako kodearen legitimitatea edo legitimitate falta eta naturalizatutako jokabide inkontzienteak; horiek guztiak aztertu beharko dira hiztun talde baten praktika linguistikoa ulertu nahi badugu.

Gaitasun erlatiboak
Aurreko atalean esan bezala, egoera eta mintzakideen arabera, hiztunak beti bilatuko du eskura duen errepertorioko tresnarik hoberena, komunikatzeko zorrotzena eta eraginkorrena, kontrakoa egiteko motibazio ahaltsurik ez badauka. Inkesta soziolinguistikoetako datuek behin eta berriro berretsi dute, hiztun sareetako euskaldunen proportzioarekin batera, erraztasun erlatiboa dela euskara erabiltzeko edo ez erabiltzeko baldintzarik nagusia (Eusko Jaurlaritza: 2024).

Edonola ere, komunikazioan ezin diogu mezuaren igorleari bakarrik begiratu; izan ere, komunikazioa ez da lineala, izaera zirkularra baitauka (Apodaka: 2004). Mezua igorlearen eta entzulearen artean sortzen dute eta kanala, erregistroa eta gainerakoak negoziatu eta adostu behar dituzte, komunikazioa arrakastatsua izan dadin. Horregatik mezua eraikitzen duten eragileen arteko gaitasun erlatiboa ere erabakigarria da; hau da, hizkuntza aukeraketa ez da soilik hiztun bakoitzaren gaitasun pertsonalaren araberakoa; hizketaldiko partaideen arteko gaitasun mailan egon ohi diren aldeek ere baldintzatzen dute hizkuntza bat edo bestea aukeratzea (Mackey: 1994).  Hala, solaskideek beti bilatuko dute bien artean dagoen kanalik lauena (ikusi irudia), bertan gaizki ulertze, zalantza eta errepikapen gutxiago eta, beraz, energia gastu txikiagoa egonen delako.

2. irudia. Hiztunen arteko gaitasun erlatiboak
Bi hiztun tipoen gaitasun erlatiboen eskalak agertzen dira eta horien araberako komunikazio kanalen desorekak
Rosa Ramos eta Yolanda Olasagarre. Mackey-ren azalpenean oinarritua. (CC BY-NC-SA)

Horregatik, euskaraz erdaraz baino hobeki moldatzen den hiztun elebidunak ere lehen hitza gaztelaniaz edo frantsesez egiteko joera izan dezake, baldin badaki mintzakidearen euskarazko maila ez dela ona. Hortaz, kontuan hartu behar dugu komunikazioan denok esfortzurik txikiena egin nahi dugula, komunikazioan energia handia xahutzen baitugu.

Barne gatazkak
Hizkuntzen arteko desoreka soziolinguistikoak modu askotara baldintzatzen ditu hiztunen harreman komunikatiboak. Ezagunena eta ohikoena bada, ziur aski, ezagutzen ez ditugun pertsonen aurrean etengabe zein hizkuntza erabili hautatzeak ekartzen digun neke edo estres linguistikoa (G). Badira, ordea, beste ezinegon psikologiko zenbait, maiz oharkabean gelditzen direnak.

2016. urtean Nafarroako hainbat institututan egindako ikerketak erakutsi zuenez (Olasagarre-Ramos_Vilches: 2019), ikasle askok barneko hizkuntza gatazka bizi dute. Euskararekiko atxikimendu ona dute eta euskara gehiago erabili nahiko lukete, baina adierazi nahi dutena egoki adierazteko nahiko gaitasunik ez izateak eragozten die erabilera. Hortaz, nahiz eta hitz egiteko nahia edo gogoa adierazi, lotsak edo segurtasun faltak eraginda aitortzen dute ez dutela erabiltzen. Hizkuntzan duten maila ez nahikoa gatazka iturria da haientzat eta, sarritan, hizkuntza antsietatea sentitzen dute.

Korapiloa askatzeko gakoak dira gaitasun linguistikoen garapen prozesuaz jabetzea, erabiltzeko (eta akatsak egiteko) gune lasai eta babestua aurkitzea eta, hausnartzeko heldutasun nahikoa dutenean, hizkuntza minorizatuen egoera sozialaz eta horren ondorioez informazioa jasotzea.

Norbanakoaren mailan gertatzen den atxikimenduaren eta erabileraren arteko desoreka lagun taldean errepikatzen da. Batzuetan gazteek euskara erabiltzeko saiakera egiten dute baina aitortzen dute erdaraz egiteko ohitura gailentzen zaiela.

Oro har, sentimenaren eta jokabidearen arteko disonantziak (G) tentsio psikologikoa sortzen digu eta gizakiok tentsio hori baretzeko eta koherente izateko beharra daukagu (Apodaka: 2004). Atxikimendu altua eta komunikazio gaitasun txikia gertatzen denean, bi bide daude oreka lortzeko: euskaraz gehiago egin ahal izateko gaitasun gehiago eskuratzea edo euskararekiko atxikimendua apaltzea. Kontuan hartu behar dugu, gainera, gizakioi errazagoa egiten zaigula gure jokabideei eutsita (ez erabiltzea) horien araberako sinesmenak aldatze edo moldatzea (hizkuntzarekiko lotura ahultzea), jatorrizko sinesmenekin koherenteak izateko jokabideak aldatzea baino (gehiago erabiltzea).

Irakasleoi dagokigu, beraz, ikasleen barne gatazka linguistiko horiek ulertzea eta modu positiboak ebazteko gaitasun nahikoak eskuratzeko bidea eskaintzea.

Motibazioa eta emozioak
Motibazioa emozioen menpe dagoela esan daiteke, emozioen norabidearen eta intentsitatearen araberakoa baita. Beraz, euskararen jabekuntza emozio positiboekin lotzen saiatu behar dugu, noski, baina, batzuetan, emozio negatiboak saihestezinak dira. Kasu horietan teoria psikolinguistikoak dioena gogoratu behar dugu (Azurmendi:2008): emozio mota guztiak dira funtzionalak, denek elikatzen baitute motibazioa norabide batean edo bestean; kontua da negatiboak lantzeko eta bideratzeko tresnak izatea (haserrearen eta autoestimuaren arteko erlazioa eta haserrea bideratzeko behar diren baliabideak izan daiteke diogunaren adibide bat). Hortaz, irakasleek lan handia egin dezakete ikasleek euskararekin lotutako emozio negatiboak gaindi ditzaten eta haien atxikimendu linguistikorako kaltegarriak izan ez daitezen.

Hiztunaren praktika linguistikoak zenbait baldintzaren araberakoak dira: hiztunak, euskararekin lotuta, aurretik izan dituen emozio eta bizipenak, ingurukoengandik jaso dituen sinesmen eta usteak, baita balizko praktikaren ondorioz gertatuko denaren aurreikuspena ere. Kontuan hartu behar da, bestalde, komunikazioa beti soziala dela, taldean gertatzen den zerbait. Beraz, zerrendatutako faktore baldintzatzaileei komunikazioaren gunea den taldeak berak ezartzen dituenak gehitu behar zaizkie, taldea berezko ezaugarriak dituen sistema baita. Horren ondorioz, hiztunok gure jokabidea gauden taldearen arabera moldatzen dugu.

Irakasleak lan handia egin dezake emozio negatiboak bideratzen, bizipen positiboak elikatzen eta taldean euskararen erabileraren aldeko babesa sustatzen. Motibazioa aldakorra da eta, beraz, landu daiteke, baldintzak eta ingurune aproposak eskaintzen badira. Prozesuan hobe da irakaslea ondoan dagoen laguntzailea izatea eta ez jokabide jakin bat behartzen duen agintea. Izan ere, benetako jokabide aldaketa iraunkorrak bakarrik gertatzen dira pertsonok uste dugunean geuk erabakita izan direla.