Lehenago ere azaldu den bezala, irakasleak argi izan behar du ikasle gehien-gehienen kasuan euskaraz ez egitearen arrazoia ez dela hizkuntzarekiko jarrera txarra, komunikazioaren bidez nahi duten emaitza lortzeko ezintasun eta baliabide falta baizik.
Beraz, irakasleak honako gaitasunak eskuratzen eta praktiketan hasten lagundu beharko ditu ikasleak:
- Hiztunok automatikoki egiten dugunaz jabetu.
- Hizkuntzei buruzko aurreiritzi mugatzaileak (topikoak) gainditu.
- Euskararen egoera minorizatuaren dinamikak ulertu.
- Ohiturak aldatzeko helburu lorgarri eta mailakatuak jartzen ikasi.
- Euskaraz hasteko (eta eusteko) baliabideak eman: asertibitate linguistikoa.
- Deserosotasunak eta emozio desatseginak gainditzeko tresnak eskuratu.
Lan pedagogiko hori bideratzeko moduan dago arrakastaren giltza. Hasteko, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailan lan egiteko aipatutako zenbait gauza gogoratu:
- Ikasleen barne emozioak eta sentimenduak azalarazten ahalegindu. Horretarako irakaslea alboan kokatu behar da eta protagonismoa ikasleei utzi.
- Ez epaitu ikasleen ekarpenak, bizipen guztiak aintzat hartzekoak dira, maila berean. Bestalde, mespretxuzko komentarioak lekuz kanpo daudela gogoratu, oso haserre bagaude ere.
- Gaztetxoak inkoherentziei hipersentikorrak dira. Gauza bat esan eta beste bat egiten badugu, sinesgarritasuna galduko dugu. Beraz, hizkuntza praktiketan eredu izan, arlo eta espazio guztietan.
- Irakasleen arteko estrategia adostuak eraginkorragoak dira. Irakasle guztiek berdin jokatzen dutela argi badute, irakasle bakoitzarekin “soka noraino tenka daitekeen” ikusteko gogo gutxi geldituko zaie.
Alderdi orokor horiei honakoak gehitu dakizkioke bigarren hezkuntzako jardunean:
- Hizkuntza praktikei dagokienez, gaztetxoek agentzia (eragiletza) (G) dutela sentitu behar dute; hau da, aldaketa haiek nahi dutelako egiten dutela, ez irakasleak edo beste inork esaten (agintzen) dietelako.
- Pertsuasioan ari garenean, mezu inplizituak eraginkorragoak dira; hau da, hobe ondorioak ikasleek beraiek ateratzen badituzte, irakasleak esaten badie baino. Beraz, saiatu iradokitzen, irakasten baino gehiago. Batzuetan ikasleak oso azaleko hausnarketan gelditu direla irudituko zaigu, edo proposatutako jarduera ez dugula ondorio garbi batez borobildu. Halakoetan gogoratu hezkuntza ibilbide osoan egiten ari garen lanketa kontuan hartuta soilik ikus daitezkeela unean uneko esku-hartzearen edo jardueraren ekarpena eta zentzua.
- Etapa guztietan baina, honetan bereziki, ikasleen ezaugarrien aniztasuna kontuan hartu behar da: gune soziolinguistikoa, familia mota, gaitasun pertsonalak, izaera, taldearekiko harremana, esperientzia pertsonalak, bizipenak… Horiek guztiek ikasle bakoitzaren abiapuntua eta prozesua baldintzatuko dituzte.