Osagaien nahikotasun maila, gure lanaren eraginkortasuna ulertzeko kontzeptua.
Gure lanaren eraginkortasuna ebaluatzeko kontuan hartu behar dugu gure esku-hartzeak lanketa progresibo eta sistematikoan kokatu behar ditugula. Izan ere, ezin dugu pentsatu esku-hartze solte eta bakan batzuekin gure ikasleen egoera eta ohitura linguistikoak eraldatuko ditugunik.
Hori ulertzeko lagungarria da jabekuntza prozesuaren osagaien nahikotasun mailari begiratzea. 1987. urtean "Un futuro para nuestro pasado“ liburuan Jose María Sanchez Carrión-Txepetx ikerlariak plazaratu zuen teorian "nahikotasun maila" (G) kontzeptua honela azaltzen da: erabilera, ezagutza eta motibazioa faktoreak estuki lotuak daude, baina batean lortzen dugunak (hizkuntzaren ezagutza, adibidez) ez du besteetan eragiten maila jakin bat lortzen ez den bitartean. Ezaguna da Txepetxek erabili zuen ontzi komunikatuen metafora: maila jakin bat lortu arte ezagutza ez da erabilera bihurtzen, motibazioaren intentsitate jakin bat lortu arte ez da hizkuntza gehiago erabiltzeko eta ikasteko motor bihurtuko.
Horregatik esaten dugu haurrek hizkuntzaren esposizioaren nahikotasuna behar dutela hizkuntza erabiltzen hasiko badira. Horregatik esan behar dugu hiztunok motibazio eta jarrera kontuetan eragiten duten faktore guztietan nahikotasuna behar dugula (ingurunearen abegikortasuna, hizkuntza minorizatuei buruzko hausnarketa, erreferente kulturalen aberastasuna eta abar) erabileran eta praktika linguistikoetan aldaketak sumatzen hasi baino lehen.
Txepetxen 1987ko liburutik zenbait esaldi ekarri ditugu hona nahikotasun maila kontzeptuan sakontzeko. Ariketan, saiatu kendutako hitzak zuzen kokatzen:
Iturria: J.M. Sánchez Carrión-Txepetx (1987) "Un futuro para nuestro pasado"