Saltatu nabigazioa

1.1. Osagai pragmatikoa

Gaitasun komunikatiboaren eraginkortasuna

Giza harremanak ezinbestekoak dira haur eta gaztetxoen garapenerako eta harreman horiek komunikazio ekintzen bidez gauzatzen dira. Lehen uneko ez hitzezko komunikazioa gainditu eta gero, haurrak ikasten duen hizkuntzaren bidez asetzen ditu behar fisiko eta emozionalak. Ikasi duen euskara (etxean edo eskolan) lortu nahi duena lortzeko baliagarria bazaio, hasiko da haurraren baitan atxikimenduaren osagai pragmatikoa indartzen.

Leku, egoera eta mintzakide mota bakoitzak, helburu komunikatibo bakoitzak, eskatuko ditu mintzatzeko molde bat eta baliabide linguistiko ezberdinak. Hortaz, hizkuntzaren alderdi pragmatikoa ikasiz lortuko du hiztunak egoki komunikatzea  (G). Urratsez urrats aberastuko du  erregistro (G) ezberdinek osatuko duten errepertorioa (G), solasteko karta-sorta, nolabait esateko.

Modu horretan elikatuko da hizkuntzarekiko atxikimendua, aukeratutako hitzekin lortu nahi den hori (laguna kontsolatzea, zirikatzea edo entretenitzea) lortu dela ikustea baino gauza motibagarriagorik ez dago eta.

Zeregin horietan ulertu behar dugu gauza bat dela hizkuntzaren gaitasun akademikoak eta beste bat pertsonen arteko komunikazio trebetasunak (Cummins:2002). Pertsonen arteko komunikazio gaitasuna batez ere, aurrez aurre, elkarreraginean eta ahozkoan gauzatzen da, hori dela eta, ezinbestekoa da ikasleen ahozko komunikazio gaitasuna lantzea eskolan.