Saltatu nabigazioa

4.5.2. Esku-hartzeak programatzeko laguntza: MSB webgunea

Motibazioa Sustatzeko Baliabideak webguneak ikasleen aurreko esku-hartzeak prestatzeko eta gelaratzeko baliabideak eskaintzen dizkie irakasleei. Materialak eta informazioa bost atal nagusitan antolatuta dauzka:

  • Ibilbideak atalean DBH eta batxilergoko hezkuntza ibilbide osoan eta maila bakoitzerako egokitutako jarduera-sortak bildu dira eta sorta bakoitzean lau ardatzetan kokatutako jarduerak: norbanakoa, hiztun taldea (edo ingurune hurbila), kulturaren transmisioa eta hizkuntzaren ekologia. Jarduera guztiek egitura bera dute: azalpena (irakasleari zuzendutako oharra), jarraibideak (ikasleei gelan eginen zaien proposamena, irakasleak taldearen beharren arabera moldatuko duena) eta hiru multzotan bildutako oharrak (prestaketari buruzkoak, jarduera moldatzeko aukerak eta material osagarriak).
  • Girotzekoak atalean hainbat jarduera labur aurki daitezke, irakasleak edozein egunetan sortutako denbora tartea motibazioa elikatzeko une bihur baitezake. Azken finean, hizkuntzekin lotutako jarrera, jokabide eta ohituren aldaketa prozesuak direnez eta ez unean uneko erabakiak, komeni da ikasleen atxikimendu eta motibazio linguistikoa lantzeko aukerak “continuum” batean kokatzea, ez bakarrik esku-hartze saio solteetan.
  • Gelako praktikak atalean proposatutako jarduerak gelara eraman dituzten irakasleen zenbait balorazio eta ekarpen bildu dira.
  • Irakurgaiak izenekoan trebakuntzan sakontzeko materialak eskura daude: motibazio eta atxikimendu linguistikoarekin lotutako artikuluak, hitzaldiak eta ikerketak.
  • Haur eta Lehen Hezkuntzari begira egokitutako eduki eta baliabideakHaur eta Lehen Hezkuntza atalean kokatu dira.

Jarduerak gelaratu aurretik kontuan hartzekoak:

Proposamen didaktikoen ardatz nagusia ikasleei begira idatzitako “Jarraibideak” atalean kokatuta dagoen arren, irakasleak material eta aukera asko aurkituko ditu fitxetako oharretan proposamen bakoitza aberasteko eta egokitzeko. Izan ere, irakasleak nahi duena gehitzeko edo kentzeko askatasuna sentitu behar du, ezinbestekoa baita, gelara eraman aurretik, ikastaldearen ezaugarrien eta tokiko egoera soziolinguistikoen arabera jarduerak egokitzea. Maila bakoitzean lau kategorietako bina proposamen izanik, irakasleak badu non aukeratu.

Beraz, irakasleek malgutasunez jokatu behar dute, materiala norberaren beharren eta helburuen arabera moldatzeko eta egokitzeko. Komeni da, dena den, lau kategorietatik eskaintzea ikasleei: hiztuna, ingurune hurbila, kulturaren transmisioa eta hizkuntzen ekologia eta kontuan hartzea, bestalde, hizkuntzarekiko atxikimendua lantzeko proposatutako jarduerek ikuspegi longitudinala dutela; hau da, mailaz maila osatzen eta aberasten doan lerroak osatzen dituztela.

Irakasleak egokitu beharko duen beste faktore bat denbora da. Edozein jarduera sinplifikatu daiteke saio bakar batean gaiari buruzko lehen hurbilpen bat egiteko edo, aldiz, ikasturtean zehar gauzatzeko eta aberasteko proiektutzat hartu. Bestetik, saio batean interesgarria den materialen bat ikusteko denborarik gabe geratuz gero (jarduerari amaiera ematen dion kanta bat, esaterako), ideia ona izan daiteke hurrengo saio batean eskaintzea ikasleei, horrela, lehenengo saioan piztutako sentimenduen edo hausnarketen oihartzun moduko bat lortuko dugu. Hori oso interesgarria da portaera eta motibazio kontuetan errepikapena oso garrantzitsua baita.

Bestalde, hainbat material eta ariketa interesgarriak izan daitezke, adibidez, matematika, geografia edo ingeles irakasgaietan txertatzeko; garrantzitsua baita ahalik eta irakasle eta irakasgai gehien inplikatzea euskararekiko atxikimendua elikatzeko lanean. Ikastetxe osoaren proiektua izateak eta, ondorioz, proposamen didaktikoak irakasle guztien artean lantzeak erraztuko dute helburua lortzea.