Hizkuntza eta hiztunaren arteko harremana
Jarrerak ikasten dira, ez dira jaiotzekoak, eta iraunkorrak izateko joera duten arren, bizipenek alda ditzakete. Horrela, bada, motibazioa elikatzeak bidea eman dezake jarrerak eta jokabideak aldatzeko. Hizkuntzekiko sentimenduak eta kognizioak landuz, hiztunak tresnak eta estrategiak eskura ditzake hizkuntzen arteko ukipen egoeran (G) gertatzen diren gatazkak eta egoera aldrebesak hobeki ulertzeko eta kudeatzeko, eta prozesu horren ondorioz, hiztunak hizkuntzarekiko atxikimendua areagotu dezake.
Berezko helburu akademikoak ez ezik, hezkuntzak ikasleen ongizatea ere bilatu behar du, bizi diren ingurunea ulertarazi eta horretan ahalik eta hobekien egokitzeko tresnak eman. Helburu horiek lortzeko, beharrezkoa da ikasleek gatazka linguistikoak ulertzea (hiztunaren eta komunitatearen mailakoak) eta topiko edo uste faltsuak identifikatzen ikastea. Beste modu batez esanda, ikasleek hezkuntzaren arlo guztietan horren garrantzitsua den gaitasun kritikoa garatu behar dute hizkuntzen gaineko diskurtso eta arau sozialen eraginpean bizi direlako. Hizkuntzekin lotutako prozesuen ulermenak estres linguistikoa arindu eta bizi kalitatea hobetu dezake.
Aipatutako gaitasunak eta motibazioak esparru akademikotik kanpo landu daitezkeen arren, helburu akademikoekin hain lotuta izanda, bada hezkuntza komunitateari dagokion lana, gelatik bertatik hasita.
Atxikimendu linguistikoa eta kontzientzia linguistiko kritikoa lantzeak eskatzen dituen ikasleen gogoeta maila kontuan hartuta, lan mota hori bigarren hezkuntzan kokatzen da bete-betean, baina lehen hezkuntzako hirugarren zikloan ere has gaitezke txikitatik osagai pragmatiko, afektibo eta sinboliko-kulturalen bidez elikatu ditugun atxikimendua eta motibazioa hausnarketaren bidez indartzen.
Hizkuntza komunitate minorizatuaren parte izateak komunikazio elkarrekintzak baldintzatzen dituenez, hizkuntza ukipenean ohikoak diren ezaugarri soziolinguistikoak ulertzeak tresnak emanen dizkie ikasleei ikastetxean eta ikastetxetik kanpo aurkituko dituzten egoeretan hobeki moldatzeko.
Irakasleei dagokie, beraz, soziolinguistika kontzeptuen oinarrizko ezagutza izatea, gero, ikasleekin, soziolinguistikaren pedagogia eta didaktika egiteko. Izan ere, soziolinguistika kontzeptuen lanketa hobe da Batxilergorako edo bigarren hezkuntzako laugarren mailarako uztea. Ez da inoiz ahaztu behar, helburua hiztunak gaitu eta ahalduntzea baldin bada, soziolinguistika lan egiteko marko orokorra dela baina ez gazteek ikasi beharreko kontzeptu eta teoria multzoa.