Lehenago azpimarratu dugun bezala (ikusi 2.3 atala), hizkuntzak garraiatzen duen kulturaren jabe izateak zentzua ematen dio euskaraz ikasteari, hiztun gazteak hiztun komunitatearen indar sinboliko osoa jasotzen duelako. Jose Angel Irigarayk Xamarren "Biziaroak. Herri Kultura" liburuko aitzin solasean esan bezala: "Ohiturek eta errituek komunitatea trinkotzen eta bersortzen dute aldikal, eta alderantziz: komunitateak ohitura eta erritu berriak sortzen eta egokitzen ditu, etengabe. Gure garaiko gizarte teknologikoan ere bai." (Xamar, 2023:7)
Diglosia linguistikoaz gain, hizkuntza komunitate minorizatuek diglosia kulturala ere jasaten dutelako, onuragarria da hezkuntzan euskal kulturaren transmisiorako mekanismoak ziurtatzea.