Komeni da, noizbehinka, ikasleei espazioa ematea hizkuntzarekin lotutako emozioak eta bizipenak azalarazteko. Esaterako, norberak bere hizkuntza biografia egitea eta besteei azaltzea hizkuntzarekiko lotura berresteko baliagarriak izan daitezke; ikaskideenak entzutea, berriz, ikuspuntu eta hiztun izateko modu ezberdinak daudela ulertzeko bidea.
4.5c Ibaia
Esku-hartzearen testuingurua eta deskribapena
Testuingurua: Ikasleek gelan haien artean euskara eta gaztelania tartekatzen dituzte. Ikasgaiari buruz euskaraz egiten dute baina haien arteko eztabaida edo komentarioak gaztelaniaz egin ohi dituzte. Gelatik kanpo gaztelaniaz egiten dute ia dena. Mintzatzean hizkuntzak nahastea ere ohikoa da. Ikastetxea kokatuta dagoen herrian euskararen presentzia soziala txikia da. Laster, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzean, hirira joanen dira gehienak, Batxilergoa edo Lanbide Heziketa egitera.
Ikasmaila: DBHko 4. maila
Ikasle kopurua: 19
Ikasgaia eta irakaslea: Tutoretza
Helburua: Ikasleek euskararekin duten atxikimendua azalera atera eta indartu. Euskaraz ez erabiltzeak dakarren kontraesana agerian utzi.
Esku-hartzearen deskribapena:
- MSB webguneko Ibaia jarduera gelarako prestatu. Egindako egokitzapenak:
- Testua aurretik grabatu zuten, zatika, ikasleek Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzan izandako irakasleek eta eskolaz kanpoko txikitako hezitzaileek.
- Saioaren hurrengo astean musikari euskaldun bat gelara etortzekoa zela aprobetxatuta, eskatu genion berak bere ibaia egina ekartzeko eta bere biografia linguistika ikasleei azaltzeko. Musikariak proposatuta, Ruper Ordorikaren ibaia kanta abestu zuten denok elkarrekin.
Zure ustez, zer gertatu da?
Jarduera prestatu zuen irakaslearen balorazioa
"Emaitza oso positiboa izan da. Gehienak berehala sartu dira proposamenean eta hasi dira ibai pertsonala marrazten. Batzuei, dena den, bizipenak "ibai" bihurtzea kostatu zaie eta blokeo puntu bat ere egon da bakan baten kasuan.
Testua txikitan erreferente izan zituzten euskaldunen (gurasoak, irakasleak, aiton-amonak...) ahotsetan entzuteak harritu ez ezik hunkitu ere egin ditu. Beraz, testua horrela grabatzea ideia ona izan da.
Hausnarketa maila ez da oso handia izan, izan ere, ikasleak bizipenetan zentratu dira gehiago. Esaterako, harrituta gelditu dira batzuek kontatutako egoera eta kontu familiarrekin. Hala ere, egia da batzuek aipatu dutela euskara haientzat garrantzitsua dela eta gehiago erabili beharko luketela.
Beste egitasmo bat zela-eta etortzekoa zen musikariari eskatu zaio bere ibaia kontatzeko, musikariaren inplikazioa bikaina izan da eta halaxe egin du. Oso emankorra izan da eta dimentsioa eman dio jarduerari. Ikasleek oso gustura entzun dituzte erreferentea duten pertsonaren bizipen linguistikoak.
Bestalde, denbora muga izan da. Ikasle guztien ibaiak lasai azaltzeko bigarren saio baten zati bat erabili behar izan genuen. Hasieran horretaz pentsatzea eta, malgutasunez, jarduerari jarraian bi saio eskaintzea izanen zatekeen hoberena. Izan ere, ikasleen bizipenak lasai eta errespetuz entzutea da, kasu honetan, garrantzitsuena."
Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Lizentzia