A
- Ahobizi eta belarriprest
-
Euskararen erabilera soziala aktibatzeko helburua duen Euskaraldian parte-hartzaileek har ditzaketen rolak dira ahobizi eta belarriprest. Ahobizi direnei eskatzen zaie lehen hitza, beti, euskaraz egitea eta, erdaraz erantzuten dietenean ere, euskarari eustea, solaskideak ez duela ulertzen adierazi arte. Belarriprest direnek agian ez dute beti euskaraz eginen Euskaraldiak irauten duen bitartean, baina modu esplizituan eskatzen dute euskaraz dakitenek haiei euskaraz egin diezaieten. Batzuek eta besteek, denek, dagokien ikurra eraman behar dute agerian, ezezagunen arteko ariketa soziala errazteko. Azpimarratu behar da ahobizi edo belarriprest izateak ez duela hitz egiteko gaitasunarekin zerikusirik, hizkuntza jokaerarekin baizik.
- Arnasgune
-
Arnasgune hitza demografikoki euskal hiztun dentsitate handiko guneei buruz hitz egiteko erabiltzen da. Hizkuntza gutxitua indarberri dadin ezinbestekoa da hizkuntza hori nagusi izango den gune geografikoak egotea. Ez dira ghettoak, ez baitira isolatuta egon behar. Gune horietako biztanle gehienek dakite hizkuntza gutxituan hitz egiten eta hizkuntza hori normaltasunez erabiltzeko baldintzak daude eta belaunaldiz belaunaldiko transmisioa naturaltasunez gertatzen da. Haiek irudikatzeko modurik errazena udalerri euskaldunetan pentsatzea da. Udalerri horietan euskara modu naturalean transmititzen da, eta bertako herritarrentzat beraien bizimodua euskaraz egitea gauza normala da.
- Asertibitatea, komunikazio eta jokabide asertiboa
-
Jokabide asertibodun hiztunak badaki zer nahi duen azaltzen, baita ezetz esaten eta negoziatzen ere. Malgua da nahi duena lortzeko, eta saiatzen da besteen eskubideak errespetatzen eta, neurri berean, bere sentimenduak kontuan har daitezen. Hortaz, euskara erabiltzearen alde egiten du eta, zailtasunen aurrean, konponbideak proposatzen ditu, solaskidea errespetatuta. Asertiboak ez diren jokabideak pasiboak edo oldarkorrak izan daitezke. Lehenengoetan hiztunak konfiantza falta dauka bere baitan eta bestearen nahia edo eskubideak garrantzitsuagotzat jotzen ditu (zailtasunen aurrean bestearen hizkuntzara aldatzen da). Bigarrenen kasuan, hiztunak ondokoa gutxiesteko eta menperatzeko joera dauka (bere hizkuntzan egiten du solaskidea kontuan hartu gabe).
- Atxikimendu linguistikoa
-
Hiztunak bere hizkuntzarekiko eraikitzen duen lotura emozionala. Beste hiztunekin sortutako harreman komunikatiboen arrakasta du baldintza, besteek hiztun gisa onartua izatea. Oinarrizko atxikimendu linguistikoa beharrezkoa da jabetze prozesuan behar diren gaitasun komunikatiboak garatzeko eta praktika linguistikoetan hiztun aktiboa izateko.