Saltatu nabigazioa

1.3. Osagai sinboliko-kulturala

Mundua ulertzeko eta munduan kokatzeko giltza

Gizakia sinboloen bidez eraikitako munduan bizi da, sinboloak behar ditu mundua ulertzeko, bizi esperientziak antolatzeko eta giza ekintzari zentzua emateko.

Komunikazioaren arloan, kulturak ematen dizkie hiztunei behar dituzten koordenatu sinboliko partekatuak. Beraz, hizkuntzaren kode linguistikoa ikasteaz gain, ikasleek hizkuntzak lotuta daraman kultura jaso behar dute. Izan ere, kulturak zentzua ematen dio partekatzen dugun munduari eta elkarrenganako loturak ezartzen ditu; hau da, kohesioa ematen dio hiztun taldeari. Labur esateko, kultura hizkuntzarekiko atxikimenduaren oinarrietako bat da, testuinguru kulturalik gabe, motibazioa jaisten baita.

Euskal kulturaren transmisioan izan diren eta diren etenak eta zailtasunak kontuan hartuta lan egin behar da hezkuntzan; euskal kulturaren gaur egungo testuinguruan ez baitago berezko mekanismo sendo nahikorik haur euskaldunek behar dituzten erreferente eta eduki kulturalak jaso ditzaten. Hizkuntza komunitatearen egoera minorizatuan, diglosia (G) linguistikoa eta diglosia kulturala batera doaz. Horregatik, kulturaren lanketak zenbait ezaugarri izan behar ditu:

  • Askotariko edukiak. Ikasleak askotariko kultur eduki aberatsak jaso behar ditu: tradizioarekin zein bizimodu modernoarekin lotutakoak, kultura jasoan kokatzen direnak zein denbora pasarako balioko dizkionak (Iztueta:2023). Denetarik jasotzen badu eta euskal kulturaren erreferenteen berri baldin badu, handitzean, bere gustuen araberako zaletasunak garatzeko tresnak eskura izanen ditu.
  • Adinaren arabera egokituak. Azpimarratzekoa da lehen hezkuntzako azken zikloan eta bigarren hezkuntzan adinaren arabera gustuko eduki kulturalak eskaintzeko beharra. Haur txikiek askoz harreman handiagoa izan ohi dute euskaraz sortutako kulturarekin, nerabeek baino. Haatik, azken horiek ere behar handia dute, adinkideen arteko loturak eta lagun taldeen izaera, neurri handi batean, kultur produktuen kontsumoaren inguruan eratzen dituzte eta.
  • Tokian tokikoa kontuan hartuta. Kultura tradizionalak gertuko komunitate eta ingurunean gertatzen diren mota guztietako fenomeno eta gertaerak ulertzen laguntzen die ikasleei. Beraz, eskolan, baliatu tokian tokiko jakintza tradizionalari lekua egiteko edozein aukera.
  • Sormena sustatu. Edukiak jasotzeaz gain, parte-hartzea sustatu, ahal bada era kolektiboan; sortzeko gogoak piztuko die kulturak eskaini ahal dien guztia ezagutzeko jakin-mina.