Hamarkadetako eskarmentuak erakutsi du murgiltze ereduko geletan lortzen den euskararen jabekuntzak komunikazio praktikarako esparruak behar dituela, eskolan bertan eta eskolatik kanpo. Batetik, erabilera eta praktika esparru horiek emanen diote ikasleari behar duen hizkuntzaren ezagutza pragmatikoa (G) (zer baliabide linguistiko erabili non eta nola) eta, bestetik, bizitza arrunteko esparru horiek emanen diote benetako zentzua euskaraz ikasteari.
Hortaz, garrantzitsua da haurraren ekosistema linguistiko osoaren mapa irudikatzea, eskola komunitateak eragin ditzakeen esparruetan helburu eta esku-hartze adostuak (G) bideratzeko.
Mapa osoa buruan izanda ere, ez da ahaztu behar eragile bakoitzaren berezko esparrua zein den, bertan gauzak ongi egiteko erantzukizuna berea baita. Bakoitzak berean jardun, baina denon artean koordinatuta, hori da ideia.
Gelaren zentralitatea, irakaslearen eginkizunak
Gela hizkuntzaren ahozko eta idatzizko jabekuntzaren gune nagusia da, hizkuntza gaitasun guztiak garatzeko eta osatzeko ezinbestekoa. Gela da irakaslearen eragiteko eremu nagusia, bertan baitauzka eragiteko baliabide gehien. Gelako lanean kokatuko ditu irakasleak estrategia eta esku-hartze planifikatuak: euskararen egoera gutxituak eskatzen duen moduan, hizkuntza akademikoaz gain, ahoz komunikatzeko eta hizkera ez-formalerako baliabideak, baita atxikimendu eta motibazio linguistikoa elikatzeko jarduerak ere.
Eskola osoaren koherentzia
Hala ere, haurrek eta gaztetxoek planteamendu linguistikoen koherentzia zentro osoan nabaritu behar dute; irakasle guztiek berdin jokatzen dutelako ikasleek erdara erabiltzen dutenean edo eskolako esparru guztietan euskararen erabilera neurri berean sustatzen delako, esaterako.
Eskola espazio homogeneotzat har dadin, garrantzitsuak dira, batez ere jolastokia eta jantokia zaintzea. Izan ere, jolastokia eta jantokia eskolak eskaintzen dituen aukera paregabeak dira hizkera ez-formala praktikatzen jarraitzeko. Helburu horrekin egiten diren lanketa eta proposamen guztiak urregorrizkoak dira haurren ikaste-prozesua indartzeko. Jolastokia gelaren hedapena da, irakasleen zaintzapeko eremua. Gainerakoetan, irakaslez besteko hezitzaileekin lan koordinatua sustatu behar da eta, behar izanez gero, haurren garapen linguistikoan daukaten funtzioari buruzko formazioa eskaini behar zaie.
Gurasoen elkarteen antolaketaren pean dauden espazioek arreta merezi dute (jantokiaz gain, eskolarako joan-etorriak, autobusak), zaintza zerbitzuak izateaz gain, dagokien funtzio linguistikoa ere bete dezaten. Jakina, kualitatiboki mimatzeko modukoak izanen dira eskolan bertan antolatutako aisialdi eta kultur jarduerak, adinkideen arteko erabilera finkatzeko eta ahozko komunikazio ohiturak errotzeko ezinbestekoak baitira.
Familiak
Familiek asko egin dezakete seme-alaben euskararen jabekuntza eta erabilera egonkortzeko, edozein dela beren egoera linguistikoa. Hala da, baina ideia hori eta helburuak lortzeko jarraibide zehatzak transmititu behar zaizkie familiei: aisialdi jarduerak euskaraz jasotzearen garrantzia, euskal kulturaren presentzia etxean, gurasoen euskararekiko motibazioaren azalpen esplizitua ...
Eskolak sistematikoki informatu eta motibatu behar ditu familiak, haurren ikaste prozesuan jarrera aktiboa izan dezaten eta eskolatik kanpoko esparruetan haurrak euskaraz hazteko aukerak bila ditzaten.
Eskolatik kanpoko eragileak: sustapena eta koordinazioa
Eskolaren lehentasuna eskolako bizitza euskararen erabilerarako babesgune eta arnasgune bihurtzea da eta hori lortu arte alferrikakoa izanen da, ziur aski, indarrak beste helburu batzuetara bideratzea. Dena dela, hezkuntza komunitate osoa inplikatzen bada, posiblea izanen du herriko edo auzoko beste eragile batzuekin aliantzak bilatzea honako esparru hauetan ere urratsak eman daitezen:
- Aisialdi antolatua. Eskolaz kanpoko jarduera antolatu guztietan aukera dago eskolan barneratutako hizkuntza gaitasunak garatzeko eta praktikarako hiztun sareak sortzeko. Esparru honetan bereziki garrantzitsua da haurrei harreman ez formaletan berezkoak diren hizkerak eta esateko moduak eskaintzea. Euskara etxeko hizkuntza ez denean familiek bereziki zaindu beharko lukete haien seme-alabek kirola edo bestelako aisialdi-jarduerak euskaraz egitea. Esan gabe doa aisialdiko hezitzaileek jardueren helburu linguistikoa ulertu behar dutela eta, neurri berean, helburua lortzeko laguntza eta baliabideak merezi dituztela.
- Parkea. Txiki-txikitatik parkea eta kale giroa lagunartekoa osatzen joateko espazioak dira. Egoera soziolinguistikoak bideragarria egiten duenean, antolatu gabeko aisialdiaren eremu diren esparruetan ere euskarak lekua izateak geroko sozializazioa euskaraz izatea lagunduko du.
- Kultur-jarduerak. Eskaintza kulturalaz baliatzea (antzerkia, kontzertuak, liburutegia) euskarari emandako tartea baino askoz gehiago da, haurraren barne esperientzian beste mundu batzuen ezagutza euskarazko sormenarekin lotzen baitu.
- Informazio eta komunikazio teknologiak (IKT). IKT-ek beste dimentsio bat ematen diete haurraren ekosistema deitu dugun horretan dauden hainbat esparruri: kultur eta aisialdi ohiturak, adinkideen arteko harremanak eta sormen-adierazpena, esaterako. Familiek arlo horretan egin dezaketena egiteko garrantziaz jabetzea izan daiteke esparru honetako gakoa.