Norbanakoaren sozializazioa eragile esanguratsuekin izandako elkarrekintzaren ondorioa da, bizitza osoan irauten duen prozesua: pentsatzeko, sentitzeko eta jokatzeko moduak, azken finean. Aldakorra da, testuinguru kultural eta historikoaren araberakoa, izan ere, argi dago egungo haurren sozializazioaren ezaugarriak ez direla duela mende bateko haurrek zituztenak. Batez ere azken hamarkadetako digitalizazio orokorrak nabarmen aldatu du belaunaldi berrien sozializazioaren prozesua.
Familia da haurraren sozializazioaren lehen eragilea baina, egun, laster hasi ohi da harremanetan eskolako eta aisialdiko bestelako eragileekin. Prozesu honetan hizkuntza bitartekaria eta emaitza da. Hau da, hizkuntzaren bidez garatuko ditu haurrak bere harremanak eta esparru horietako praktika linguistikoen arabera osatuko du bere errepertorio linguistikoa (G).
Aspalditik euskal soziolinguistikan sortutako irudi honek ongi irudikatzen ditu gure testuinguru soziokulturalean haur eta gaztetxoen sozializazio linguistikoan adinaren arabera eragileek duten garrantziaren gorabeherak.
Goiko irudiaren arabera pentsa daiteke eskolaren eragina murritza dela, izan ere, haurrak eta nerabeak ordu gehiago pasatzen ditu familian, lagunartean edo aisialdiko jardueretan ikastetxean baino. Hala ere, ezin da gutxietsi hezkuntza arloaren eragina, batez ere kualitatiboki aztertzen badugu, irakasleen jarduera hezitzaileari esker, eskola arloa giltzarria baita haurraren sozializazio eta atxikimendu linguistikoan.