Ohitura linguistikoak aldatzea eta egoera berrian eroso sentitzea posiblea da, baina, horretarako, baldintza batzuk bete behar dira eta prozesuak, beti, energia eskatuko du: etengabeko motibazioa.
Esan daiteke ohiturak aldatzeko prozesua bi planotan eman daitekeela. Lehena gertatzen da gure inguruko baldintzak aldatzen direnean eta baldintza berriei egokitzeko beharra daukagunean (4. irudiko lehen bidea: “ingurune eta baldintzen aldaketa”). Adibidez, soziolinguistikoki oso ezberdina den toki batera bizitzera joaten bagara (edo beste hizkuntza bat mintzo den herrialde batera) hizkuntza aldaketa izanen da egokitzeko beharraren erantzuna. Baldintzen aldaketa arinagoek ere eragin dezakete hizkuntza jokabideetan, izan ere, gizakiok egokitzaile petoak gara, haurrak batez ere. Gure testuinguruan aldaketak ordura arte ohikoa izan den oreka hausten badu, hiztunak oreka berria bilatuko du egoerarekin bat egiteko. Homeostasi moduko bat dela esan daiteke: oreka lortzera jotzen dugu, hau da, kanpoko baldintzak aldatzen badira, oreka berri bat lortzen saiatuko gara. (Jauregi: 2010)
Horregatik dira garrantzitsuak ikasleentzat inguruan dituzten helduen eredu eta jokabide linguistikoak eta inguruneak eskaintzen dizkien baldintzak. Izan ere, haurren kasuan, testuingurura egokitzeko gogoa da hizkuntza hautatzeko arrazoi nagusia. Jakina da txikitatik, hizkuntzekin batera, erabilera arauak eta pragmatika (G) oso bat, ikasten ditugula.
Bigarren planoan, ordea, borondatez sortutako aldaketa kokatzen da (4. irudiko bigarren bidea: “erabakia”). Kasu honetan hiztunak helburuak irudikatzeko heldutasuna behar du, pertsonaren arabera nerabezaroan edo gaztaroan koka daitekeena. Ohitura linguistikoen aldaketarako prozesu mota honetan ekintza berriaren errepikapena ezinbesteko baldintza izanen da jokabide berria sendotzeko (Sangines-Suay: 2008).
Beraz, zailtasunik handiena izanen da ohitura berriaren errepikapenaren bidez errutina bihurtu arte aldaketak eskatzen digun energia eskaerari eustea. Zailtasun hori ohitura aldaketa guztien oinarrian egoten da. Gogora dezagun, esaterako, ohitura osasuntsu berriak denboran mantentzeak eskatzen digun ahalegina (erretzeari uztea edo kirola egiten hastea, adibidez). Hau da, hasieran aldaketak energia (motibazio) handia eskatzen digu eta nahiko errefortzurik ez badugu (ingurukoen aldeko iritziak, lorpen txikien balorazioa, aldeko ereduen eragina) jokabide zaharrera itzultzeko arriskua egonen da. Gehienok gara jokabide berriak hasteko gauza, zailagoa dugu horiei denbora luzez eustea. Ohitura berria automatizatzen lortzen dugun neurrian jaitsiko da egin beharreko ahalegina, inkontzienteki egiteko gauza izanen garelako, barneratuta izanen dugu. (Sangines-Suay: 2008).
Aldaketarako prozesu kontziente hauetan garrantzi handikoak dira komunikazio asertiboan (G) trebatzea, baita helburu progresiboak jartzea eta errazenetik hastea ere.
Nerabezaroan has gaitezke horrelako prozesuak pizten, hiztuna hizkuntzarekin duen harremanaz pentsatzeko gaitasuna garatzen hasten denean.
Azkenik, ez da ahaztu behar komunikazioa beti dela soziala, taldeko ekintza, eta, beraz, aldaketa linguistikoa ere taldean gertatu beharko dela eta ezinezkoa izanen dela inguruko hiztunekin, esplizituki edo inplizituki, negoziatu eta adostu gabe.