Atxikimendu linguistikoa lantzeak ikuspuntua ahalik eta gehien zabaltzea eskatzen du. Hau da, besteak beste, hezkuntza, pedagogia, soziolinguistika, psikolinguistika eta hizkuntzaren didaktika arloetako irakaspenak kontuan hartzea eta horiek guztiak harremanetan jartzea.
Jarraian Atxikimendu Linguistikoaren Oinarriak sortzerakoan kontuan hartu diren autore esanguratsuenetako batzuk aipatuko ditugu. Irakurlea berehala jabetuko da beste iturri askotatik edan dugula testuak eta ariketak sortzerakoan. Hortaz, bibliografiako erreferentziak eta ariketetan egindako aipamenak ere kontuan hartzekoak dira, atal labur honetan aipatu gabeko asko geldituko baitira:
- Piagetek landutako garapen kognitiboaren aldiak kontuan hartu ditugu; hau da: eragiketa-aurreko aldia (2-7 urte), non haurrak hizkuntza ikasten duen; eragiketa zehatzen aldia (7-11 urte), besteen jarrerak onartzeko eta besteen pentsamenduei buruzko hipotesiak egiteko gaitasuna garatzeko urteak, besteak beste, eta, azkenik, eragiketa formala garatzeko aldia (12 urtetik aurrera), non abstrakzioaren gaitasuna agertzen den, hots, gauza errealei eta posibleei buruz pentsatzeko gaitasuna.
- Vygotskyren teoria sozio-kulturalaren zenbait ideia ere jaso ditugu: 1) Garapen kognitiboa prozesu sozial eta kulturala da. (Vygotskik zioenez, gizabanakoaren garapen kognitiboa sistema sinbolikoen garapen historiko eta kulturalaren oinarriaren gainean eraikitzen da). 2) Interakzio soziala ezinbestekoa da ikaskuntzarako eta pertsonaren garapenerako. 3) Garapen Hurbileko Eremuak (GHE) adierazten du pertsonak ikas dezakeena heldu baten edo ikaskide trebeago baten laguntzarekin. Irakasleak Vigostskiren ideiak atxikimendu linguistikoaren osagaiak lantzeari begira kontuan hartzeak esan nahi du ikasleei atxikimendurako osagaiak eskainiko dizkiela ikasleen ezaugarri kognitiboak, GHE eta ikastaldearen ezaugarri soziolinguistikoak eta sozio-kulturalak kontuan hartuta.
- Bruneren aldamioaren teoria, Vygoskyren GHEn oinarria duena. Irakasleak ikasleei laguntza tresnak eskainiko dizkie jarduera desberdinetako kontzeptu eta helburuak bereganatzen joateko, eta denborarekin autonomoak izateko. Teoria honen arabera ezagutza eraikitzeko hizkuntza elementu giltzarria da.
- Interakzionismo sozio-diskurtsiboaren baitan kokatzen du Bronckartek bere marko teorikoa eta honako autore hauetan du oinarria: Wittgestein, Saussure, Habermas, Bajtín, Vigostki eta Piaget. Interakzionismo sozio-diskurtsiboaren baitan hizkuntzaren didaktika ideal baten eredua zein izan daitekeen zehazten du eta didaktika erreal bateko esku-hartze didaktikoak proposatzen ditu.
- Mari Jose Azurmendik praktika pedagogikoari buruz egiten dituen ekarpenak ere kontuan hartu ditugu. Ezagutza eta erabilera gauza bera dira, ezagutza erabileraren bidez lortzen da, hizkuntza behar guzietarako erabilgarri izatea nahi badugu erabiltzea beharrezkoa da eta horretarako interakzio aktiboa behar da. Nortasunaren eta identitatearen inguruan egiten duen ekarpena: nor naiz eta nola ikusten naute.
- Cumminsen ekarpenek eragina dute eskolako praktiketan. Hizkuntza gaitasunari dagokion gaitasun komuna: hizkuntza batean garatzen diren trebetasunek beste hizkuntzan eragina dutela, bi hizkuntzen jakintzatik harago azpiko gaitasun komuna baitago, bi hizkuntzentzat komunak liratekeen gaitasun kognitibo eta akademikoz osatua. Gutxienezko hizkuntza gaitasunen atalasearen hipotesia ere interesgarria da hizkuntza gaitasunak lortzearen eta benetako hizkuntza erabileraren arteko aldea ulertzeko eta hizkuntza akademikoaren eta eguneroko hizkuntzaren artean dauden aldeez jabetzeko. Azkenik, Cumminsen ustez, kontuan hartzekoak dira hizkuntza eta identitatearen arteko loturak, baita hizkuntzaren garapen prozesuan ikasleei eskain behar zaien babesa ere.
- Mackey-ren gaitasun erlatiboen ekarpena ikasleen arteko hizkuntza aukeraketa ulertzen laguntzen du. Hau da, hizketaldiko partaideen arteko gaitasun mailak nola baldintzatzen duen hizkuntza bat edo bestea aukeratzea
- Ezinbestekoa da gelan erabiltzen diren estrategia pedagogikoen garrantzia azpimarratzea. Aski landu izan da gai hori D ereduaren sorreran eta inplementazioan gure testuinguruan. Besteak beste, Zabaleta, Biain edo Ruiz Bikandi bezalako autoreek honako estrategia pedagogikoak aipatzen dituzte irakasle eta ikasleen arteko komunikazioan (batez ere Haur eta Lehen Hezkuntzari dagokienez): segurtasun afektiboa eskaini, haurren parte-hartzea kudeatu, hizkuntzaren erabilerari buruzko gogoeta eragin, ikasgelako jarduerak antolatu (taldekatzeak, espazioak, denborak, zereginak), jokabide arauak eman eta horiek gogoratu. Bestalde haur guztien eta bakoitzaren ekoizpena ziurtatu, gauzak esaten lagundu (aldamioak) eta, oro har, ikasleen hizkera garatzera bideratutako irakas-jarduna (komunikazioa bermatu, hizkuntza-formari erreparatu, feedback teknikak…). Idiazabal eta Manterolaren ekarpenak ere interesgarriak dira estrategia pedagogikoen garrantzia ulertzeko, ikasleen euskara maila estrategia horien kalitatearen baitan baitago.
- Hizkuntzak ikasteko prozesuan zenbait faktorek (erabilera, ezagutza eta motibazioa) eragiten dute Txepetxen ekarpenaren arabera eta, ezinbestekoa da faktore horietako bakoitzean nahikotasun maila lortzea ikaslea batetik bestera erraztasunez mugitzeko. Eskolak zer eta nola eginen du ikasleek faktore horietako bakoitzean nahikotasun maila lortzeko?
- Gurea bezalako egoeretan Fishmanen gertuko komunitatearen kontzeptua buruan izatea lagungarria da ikaslea bere ingurune hurbilean kokatzen laguntzen duelako, ikaslearen etxeko, auzoko edota herriko giroa zein den ezagutzea, eskolaren eginkizuna norbere etxeko eta auzoko ingurune soziolinguistikoaren ezaugarrien arabera osatzeko.
- Eskolan ikasleen hizkuntza jarrerekin eta jokabideekin dagoen kezka ulertzeko gakoak ekarri dituzte Jauregik eta Sanginesek, euskararen erabilera ohituretara eta horrekin batera horien aldaketa bideratzeko proposamenak ondu dituzte.
- Eskola giza komunikazioa ikasteko tokia den heinean komunikazioaren oinarrizko parametroak ulertzea ezinbestekoa da. Komunikazioaren jokalekuan hizkuntzak duen garrantzia eta hizkuntzaren erabilera nola eta zeren arabera ezartzen den aipatzen dute, besteak beste, Watzlawick-ek, Apodakak eta Garziak.
- Azkenik, kulturaren transmisioak atxikimendu linguistikoan izan behar duen tokiaz jabetzeko eta kulturaren transmisioa gauzatzeko bideak ulertzeko, aintzat hartu behar dira Xamarrek, Iztuetak eta Retolazak egindako proposamenak.