" Jarduera honekin lortu nahi genuen lehen helburua bete dugu, hau da ikasturtearen amaieran aberatsagoa da ikasleen errepertorioa eta hizkuntzarekin jolasteko ohitura barneratu dute. Orain irakasleak proposatu gabe ere, hitz jokoak asmatzen dituzte eta hasten dira hitzen "esanahi ezkutuak" proposatzen.
Dena den, jolastokian euskararen erabilera ez da hazi guk nahi genuen bezainbeste. Batzuengan ikusten da ahalegina baina taldearen gaztelaniarako inertzia indartsuagoa da, oraingoz. Alderdi positiboa da gelako gaztelaniarako joerari aurre egin diogula. Egia da irakasle guztien artean saiakera berezia egin dugula lan kooperatiboan gainean egoteko eta proiektu bakoitzaren hasieran urrats guztietan euskara erabiltzeko garrantzia esplizitatu diegula ikasleei, haien nolabaiteko "erabiltzearen aldeko akordioa" lortzeko.
Zailtasunen artean aipatu behar da, hasieran, sormen ariketak ez direla oso arrakastatsuak izan eta erdarazko zatiak eta esanahiak (gaztelania, baita ingelesa ere) tartekatzen zituztela. Irakaslearen laguntza pixka batekin, ordea, gero eta hobeki moldatu dira, eta hitz eta esapide nahiko landuak sortu dituzte azkenean.
Jardueran egindako egokitzapenak interesgarriak izan direla uste dut. Lanketa saio bakan batzuetan trinkotu beharrean ikasturtean zehar noizbehinka egindako sormen ariketak proposatu zaizkie ikasleei eta, horrela, ez da lan nekagarria izan, kontrakoa. Bestalde, oso gustura ibili dira entzundako esamoldeak "arrantzatzen", ia lehian ibili dira nork esamolde bitxiena ekarri taldera.
Azkenik, haur txikiek ere esamoldeak eta jolas kantak behar dituztela ikusteak beraiengan hausnarketa puntu bat sortu duela esan daiteke. Bestalde , aukera izan dute txikiagoak zirenean erabiltzen zituzten zenbait baliabide gogoratzeko eta orain gustuko dituztenekin konparatzeko.
Seigarren mailari begira, hasi beharko dugu pentsatzen ikasturte honetan egindakoan sakontzeko zer bide hartu, batez ere ikasitako baliabideak gelatik kanpo erabiltzeko ohitura orokortzeko."