Ikasleen atxikimendu linguistikoa hobetu nahi duen irakasleak gogoan izan beharko du beti “Atxikimendu linguistikoaren osagaiak” atalean azaldu duguna. Hau da, adinaren arabera eragina duten osagaiak kontuan hartu eta osagai bakoitza egokitu, hain zuzen, ikasleek bizitzako une horretan dituzten beharretarako funtzionalak izan daitezen.
Irudian ikus daitekeenez, ezberdinak dira hezkuntza etapa bakoitzean landu behar diren osagaiak. Horren arabera finkatu beharko dira bilatuko diren helburuak eta proposatutako esku-hartzeak eta moldatu beharko dira irakaslearen rola eta estrategiak. Bidea pixka bat sinplifikatzeko, irakasleen rola, estrategiak eta esku-hartzeak hiru bloke nagusitan azalduko ditugu:
- Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako 1-4 mailak
- Lehen Hezkuntzako 5-6 mailak
- Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilegoa/Lanbide Heziketa
Bloke bakoitzean egin beharreko lanaren ezaugarrietan sakondu baino lehen, ordea, kontuan hartzeko jarraibide orokor zenbait aipatuko ditugu.
Osagai guztien elkarreragina, guztietan nahikotasun maila
Analisirako osagaiak ezberdintzen ditugun arren, hiztunaren baitan erabatekoa da guztien arteko elkarreragina. Hau da, osagai batek kale egiten badu, gainerakoetan ere nabarituko da. Adibide batez azaltzeko, euskal kulturaren oinarriak eta erreferenteak ezagutzen ez dituen ikaslearentzat zailagoa izanen da euskaraz ikastearen zentzua ulertzea, are gehiago, zerbait erredundantetzat jo dezake, bere erreferenteen hizkuntza beste bat delako.
Beraz, osagai guztiak elikatzea eta zaintzea txertatu behar ditugu eguneroko lan dinamikan.
Prebentzio lana, neke asko aurrezteko laburbidea
Ikasleen hizkuntza ezaugarriak ezagututa, ikasturtean sor daitezkeen arazoak aurreikus daitezke eta horiek arintzeko bideak prestatu. Prebentziozko neurria izanen da, adibidez, ikasleei argi azaltzea ikasgela eta eskola euskara erabiltzeko babesguneak direla, eta ez dela inor gutxietsia izanen akatsak egiteagatik edo motelago hitz egiteagatik. Halaber, irakasleek hizkuntzen erabilerei buruzko portaera adostuak izatea ere prebentziozko neurritzat har daiteke. Azken finean, taldearen erabilera arauak adosteak eta elkarrekin horien ebaluazio jarraipena egiteak hizkuntzen erabilera kontzienteagoa izatea erraztuko dute.
Bidenabar, arauaren zergatia azaltzeak eta ikasleei iritzia emateko aukera emateak araua bera “neutralago” bihurtuko dute, irakasleak eta ikasleek adostu edo hitz egindako zerbait, ez bakarrik irakasleen kontua. Bestalde, euskaraz egin nahi duten baina ikaskideen erdararako presioa sentitzen duten ikasleei babesa emanen die araua argi eta garbi adierazteak. Gelako giroa ezkortasunetik alde positibora eramateko ere balioko du, irakaslea ez delako beti “euskaraz egin” esaten ibili behar edo zigorrak paratzen aritu beharko, ez baita irakaslearen araua bakarrik izanen.
Edozein aldaketa metodologiko euskara ikasteko prozesuaren ikuspuntutik aztertu
Komeni da berrikuntza pedagogikoak ezarri aurretik aldaketek euskararen jabekuntzan eta atxikimenduan izanen dituzten ondorioen azterketa egitea eta ondorio positiborik aurreikusten ez bada, marra gorriak non dauden erabakitzea. Askotan hezkuntza arloko proposamen metodologiko berriak ez dira sortu komunitate linguistiko minorizatu (G) baten testuinguruan, ezta murgiltze ereduaren baldintzak kontuan hartuta ere, eta horregatik euskarazko irakaskuntzan inplementatu aurretik, egokitze eta analisi sakonaren beharra dute.
Lanaren sistematizazioa (I). Esku-hartzeen inplementazioa baino lehen, denbora eskaini planifikazioari
Gauza guztiekin bezala, arlo honetan ere zaila da lehenengoan erabat asmatzea. Komeni da elkarri segida ematen dioten zikloak irudikatzea (Kemmis: 1992) eta ziklo bakoitzeko lau urratsak errespetatzea: plana diseinatzea, jarduera inplementatzea, emaitza behatzea eta hurrengoan egin beharreko aldaketez hausnartzea. Izan ere, planifikazioak eskatzen du esku-hartzea denboran mantentzea, alegia, perspektibarekin begiratzeko aukera izatea.
Beraz, lehen urratsa da planaren diseinuari denbora eskaintzea eta hainbat galdera erantzutea:
- Nolakoa da ikasle taldea? Ikasleen ezaugarriak eta ezberdintasunak deskribatu, baita talde bezala dituzten dinamika eta praktika linguistikoak ere.
- Zer da lortu nahi dudana? Helburua doitu behar da, hau da, egoeraren eta gure baliabideen araberakoa izan dadin. Bestalde, hasieran gauza errazak planteatu behar dira eta denborarekin helburu ausartagoei heldu. Azkenik, kontuan hartu helburua ongi zehaztu behar dela, ebaluatzeko modukoa izan dadin.
- Nolako esku-hartzea eramanen dut gelara? Esku-hartzearen ezaugarriak eta inplementatzeko beharrezko baliabideak zerrendatu; hau da, aurreikusi gelan eginen duzuna eta horretarako beharko duzun guztia: denbora, baliabideak, lankideen laguntza…
- Nola eginen dut emaitzaren behaketa? Prozesuan oharrak hartzea komenigarria da geroko hausnarketa errazteko. Bestalde, esku-hartzearen dimentsioarengatik merezi badu, ebaluazio adierazleak finkatu daitezke eta horren araberako balorazio tresnak aurretik prestatu: ikasleen balorazio bilerak, gaitasunen ebaluazioa, irakasleen arteko balorazio konparatiboak, ikasleen erabileraren neurketak…
Planaren diseinua bukatuta, lehen inplementazioari ekiteko prest egonen gara. Jasotako emaitzen gaineko hausnarketak emanen dizkigu hurrengo zikloan egin beharreko hobekuntzen zantzuak eta, horrela, proposatutako esku-hartzearen planaren bigarren bertsioa prest izanen dugu.
Lanaren sistematizazioa (II). Ikasleek eginen duten ibilbidea, ikastetxe osoaren ikuspuntua
Irakasleak asko egin dezake bere ikasleen hizkuntza atxikimendua hobetzeko, baina askoz gehiago lortuko du lana ikastetxe osoko proiektuaren barnean kokatuta badago.
Hezkuntza zentroak pentsatu beharko luke ikasle berria lehen maila hasten denetik azken maila bukatu arte zer jasoko duen euskararen erabilera areagotzeko motibazioa eta hizkuntza atxikimendua sendotzeko. Beste hitz batzuekin esanda, zentroak hezkuntzako ibilbide osoa prestatu behar du. Hona hemen bigarren hezkuntzarako prestatutako adibidea:
Zenbakiak mailaz mailako esku-hartze planifikatuak izanen lirateke, irakasleek diseinatutako saioak.
Letrek bestelako jarduerak irudikatuko lituzkete: auzo edo herriko eragileek prestatuetan parte hartzea, Korrika edo Euskaraldia bezalako ekitaldiak …
Ibilbidean zehar kokatutako galdetegiek ikasleen eboluzioaren berri emanen lukete.
Azkenik, ikasturtearen hasierako prebentzio saioak, ikastaldea euskararen erabilerarako gune segurua izan dadin pentsatutakoak.