Saltatu nabigazioa

1. ATXIKIMENDU LINGUISTIKOAREN OSAGAIAK

 

Faktore askok baldintzatzen dute hiztunaren eta hizkuntzaren arteko harremanaren nolakotasuna. Bizipenen eta komunikazio harremanen arabera eraikiko du hiztunak hizkuntzarekiko atxikimendu osasuntsua eta sendoa edo ahula eta barne gatazkaz betea. 

Hainbat dira, beraz, ikasleek euskararekin duten atxikimendua baloratzean aztertu behar diren osagaiak. Hemen, lau atal nagusitan antolatu ditugu: gaitasun komunikatiboekin lotutako osagai pragmatikoa, inguruko mintzakideekin eta taldeetan garatzen den osagai afektibo-soziala, hizkuntzak lotuta duen mundu kulturalaren aberastasunaren araberako osagai sinbolikoa eta, azkenik, hausnarketaren osagaia , hizkuntza komunitate gutxituak ulertzeko ezinbestekoa (azken atal horrek bi azpiatal ditu: norberaren ingurune soziolinguistikoa ulertzeko prozesua, lehena, eta oinarrizko kontzeptu soziolinguistikoen ekarpena, bigarrena).

Aipatutako osagaien eraginak bizitza osoan irauten du. Osagaien arteko elkarrekintza estua denez, bateko edo besteko desoreka edo gabeziak nabarmen kaltetuko du atxikimendu linguistikoa. Osagaiak sendo eta aberatsak badira, ordea, erraz gaindituko ditu hiztunak balizko zailtasunak.

1. irudia: Atxikimendu Linguistikoaren Osagaiak
Atxikimendu linguistikoa
Rosa Ramos eta Yolanda Olasagarre. (CC BY-NC-SA)