Gelako jarduna eta bertan ikasitakoa eskolako beste espazio batzuekin lotzea oso emankorra izan daiteke, batez ere hizkuntza ez akademikoa aberastu nahi dugunean.
4.3b Jantokiko hiztegi eta esamoldeak
Esku-hartzearen testuingurua eta deskribapena
Testuingurua: Ikasle gehienen lehen hizkuntza gaztelania da eta euskara eskolan hastean ikasi dute. Esparru akademikotik kanpo, hau da, herrian eta familia giroan ia ez dute euskara egiteko aukerarik. Zenbaitetan hizkuntza baliabideen faltarengatik gaztelaniara jotzen dute gelan bertan.
Ikasmaila: Lehen Hezkuntzako 1. maila
Ikasle kopurua: 15
Ikasgaia eta irakaslea: tutorea, laguntza irakaslea...
Helburua: Ikasleak erosoago sentitzea euskaraz eta, horri esker, haien artean euskaraz egiteko ohitura sendotzea.
Esku-hartzearen deskribapena: Jantokian ikasleek behar dituzten baliabide linguistikoak landu eta horien erabileran trebatu, batez ere hiztegia eta esamoldeak:
- Esku-hartzeak irauten duen egunetan jantokiko menu orriak irakurri eta, bertan agertzen diren elikagaien irudietan oinarrituta, ikasleek ezagutzen ez duten hiztegia landu.
- Hamarretakoa jan baino lehen janariarekin lotutako esamoldeak irakatsi eta gogoratu.
- Noizbehinka, jantokira joan aurretik, janariarekin lotutako haur abestiak elkarrekin abestu.
- Gelan landutakoaren berri eman jantokiko langileei, landutako esamoldeak indartzeko eta ikasleek gelatik kanpoko testuinguruan erabil ditzaten laguntzeko.
Zure ustez, zer gertatu da?
Jarduera prestatu zuen irakaslearen balorazioa
" Lanketa hasi aurretik, jantokian gelako ikasleen % 20k egiten zuen euskaraz noizean behin. Hilabete batez jarduera martxan jarri eta gero, % 60 inguruk egiten du gehiena euskaraz jantokian. Gainerakoen artean, % 20ak batzuetan hitz egiten du eta beste % 20ak oso gutxitan edo ia inoiz ez. Badirudi lortutako hobekuntza mantentzen ari dela, gelan orain menua eta janari kontuak oso noizbehinka aipatzen ditugun arren. Bigarren mailakoekin hasi gara lan antzekoa egiten eta horretan ere eragin positiboa izaten ari da.
Bereziki interesgarria izan da jantokiko langileekin egindako errefortzua; nolabait esateko, ikasleek gelan ikasitakoari zentzu handiagoa eman diogu denon artean.
Zailtasun nagusia izan da ikasle batzuentzat proposamen errazegia izan dela, ez baitzuten errepasorik behar. Dena dela, guztientzat izan da motibagarria hiztegia eta esamoldeak jantokiko testuinguruan erabiltzea eta abestiak elkarrekin ikastea."
Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Lizentzia