Euskararen jabekuntza
Irakasleak murgiltze- atxikitze-ereduak dauzkan baldintzak jarraituta lan egin behar du. Hau da, euskararen jabekuntza ziurtatzeko, esposizioaren kantitatea eta elkarrekintzen kalitatea bermatzeaz gain, metodologikoki honako puntu hauek kontuan hartzea komeni da:
- Uri Ruiz Bikandik proposatutako Hizkuntza irakasteko estrategia nagusiak.
- Ikasleek, irakaslearen gidaritzapean, ahoz parte hartzeko errutinak eta sekuentziak programatu eta gelan ahozkoa modu sistematikoan eta planifikatuan landu. Ikusi Ahozko Hizkuntza Irakastea.
- Ikasleen hiztun tipologiak eta egoerak ezagutu eta ulertu haien beharretara hobeki erantzuteko.
- Elkarrekintzak ikasle guztiekin gertatzen direla ziurtatu. Alegia, isilik gelditzeko joera dutenak edo hizkuntza ezagutza txikiagoa dutenak prozesuan atzean gelditzeko arriskuari aurre egin.
- Ez hasi talde txikien dinamiketan haien artean euskaraz egiteko ohitura errotu arte.
- Eduki guztietan finkatu helburu linguistikoak.
- Hizkuntzarekin lotutako jolasak maiz erabili (aho-korapiloak, asmakizunak, funtzio zehatzetarako kantak, esaerak, poema laburrak...).
- Hizkuntzaren curriculumak dioena kontuan hartu. Haur Hezkuntzako Curriculuma
Gai honetan sakondu nahi izanez gero Jakingarriak 32. zenbakian ondoko artikuluak dituzue:
Biain, I. "Murgilketarako irakaslearen eginkizuna Komunikazio elkarrekintzetan" 46-53 or.
Sotes, P. "Ikasgelako berbaldia: irakaslea eta ikasleak nola komunikatzen dira elkarren artean bigarren hizkuntzan" 34-38 or.
Zabaleta, P. “Irakasle-ikasleen arteko komunikazioa murgiltze ereduan. Irakaslearen estrategiak” 39-45. or.
Komunikazio giroa zaindu
Hau da, ikasleei mintzatzeko segurtasun afektiboa eskaini:
- Jokabide arauak eman eta euskararen erabilerari dagokionez haiengandik espero duguna esplizitatu (eta gogoratu beharrezkoa denean). Adin honetako ikasleentzat garrantzitsua da irakaslearen onespena lortzea, horretaz baliatu.
- Orekatu zuzenketa eta komunikazioaren jariotasuna. Garrantzitsua da zuzentzeko unea ongi aukeratzea, izan ere, batzuetan diskurtsoa eraikitzeko ahalegina ez etetea izan daiteke egokiena.
- Hala gertatzen den kasuetan, etxetik dakarten euskalki edo hizkerara hurbildu, ez zuzendu eta ez gutxietsi. Ikasiko dute erregistro akademikoaren oinarria den estandarra, baina bitartean, etxeko hizkera da haiekin konektatzeko kanala.
- Jolasari garrantzi handia eman, taldekako praktika linguistikoak errotzeko biderik hoberena da. Ingurune soziolinguistiko askotan ez dute euskaraz sortutako jolasak ikasteko aukerarik. Beraz, jolasek eskatzen dituzten adierazpen baliabideak, hiztegia, zotz kantak eta jolasen errepertorio bera eskaini modu sistematikoan. Esaterako, gorputz hezkuntzak jolasak lantzeko aukera bikaina eskaintzen du.
- Euskararekin lotutako bizipen positiboak bilatu eta eskaini. Beste eskola batzuetako haur euskaldunekin harremanak izatea, adibidez, motibazio iturri bikaina izan daiteke.
- Gelan giro goxoa eta atsegina izatea zaindu.
- Ikasleak ez epaitu. Ikasleak euskaraz egiten ez badute ez errudun sentiarazi. Gogoratu ikasle batzuk oraindik hizkuntza ikasten ari direla, giro erabat erdaldunean biziko direla, eta agian ez dutela benetako aukerarik euskaraz aritzeko eskolatik kanpo. HH eta LHn hizkuntzarekiko motibazioa erabileratik dator, nagusiki.
- Hona hemen orientabide batzuk:
Kulturaren transmisioa
Haur eta Lehen Hezkuntzan lan handia egin ohi da euskararekin lotutako zenbait tradizio eta ohitura ikasleei transmititzeko. Hala ere, badira arlo honetan hobetu eta sakondu beharreko alderdiak:
- Tradiziozko kulturaz gain, garaikidea ere ezagutzen lagundu behar diegu ikasleei. Gogoratu, askotan, eskola (irakaslea) badela kulturarekin lotzeko ikasleak duen bitartekari bakarra. Beraz, gaur egungo erreferente kulturalak hurbildu behar zaizkie, hizkuntza gramatika eta hiztegi hutsa izan ez dadin.
- Kultur edukiak jasotzeaz gain, sormena sustatu; sortzeko gogoak emanen baitie, gerora, kulturak eskainiko diena ezagutzeko jakin-mina.
- Askotariko eskaintza hurbildu, haurrek gustuen araberako zaletasunak garatzeko aukera izan dezaten; eta, bide batez, saiatu haurren gaitasun kritikoa hezten, dena ez baita berdina, denak ez du balio bera.
- Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako lehen mailetan bereziki garrantzitsua dira haurraren egunerokoarekin lotutako kultur bizipenak: hortzak erortzean euskal kulturak zer?, tripako mina baretzeko kanta, naturan ikusten diren aldaketak ulertzeko alegiak eta esamoldeak, azalpen mitologikoak... Izan ere, euskara eta euskal kultura mundua ulertzeko tresna bihurtzea da adin honetan gakoa. Adibide bat: Belaunaldien arteko zubiak Gai honetan sakontzeko: Era.eus eta Xamarren Orhipean eta Biziaroak liburuak.
- Azkenik, eskolan ikasleek euskal kulturaz jaso beharko luketena gainerako irakasleekin adostu, baita mailaz mailako programazioa ere.