Saltatu nabigazioa

4.4.1. Irakaslearen rola eta estrategiak

Hizkuntzaren jabekuntza, egokitzapenak

Irakasleak murgiltze- atxikitze-ereduak dauzkan baldintzak jarraituta lan egin behar du. Hau da, euskararen jabekuntza eta horrekin batera erabilera ziurtatzeko, esposizioaren kantitatea eta elkarrekintzen kalitatea bermatzeaz gain, metodologikoki zenbait orientabide kontuan hartzea komeni da:

  • Ikasleek adin hauetan haien hizkuntza gaitasuna zabaltzen, osatzen, aberasten jarraitu behar dute trebetasun guztietan eta ahozkoan bereziki. Gelan ahozkoa modu planifikatuan eta sistematikoan landu. Ikasle guzti-guztiek hitz egin behar dute. Ikusi Ahozko Hizkuntza Irakastea webgunean Gelaratzeko SDak atala.
  • Ikasleen hiztun tipologiak eta egoerak ezagutu, ulertu eta neurri zehatzak hartu haien hutsuneak garaiz konpontzeko.
  • Elkarrekintzari eta hori gauzatzen den talde dinamikei  (ikasketa kooperatiboari, kasu) arreta berezia paratu, bertan gertatzen diren hizketaldiak euskaraz izan daitezen esku-hartu.
  • Hasierako mailetatik datorren hizkuntzaren jabekuntzari begira, ohartu behar gara hirugarren zikloan ikasleak, inoiz baino gehiago, haiek baino zaharragoak diren gaztetxoei begira daudela, haien moduak eta praktikak kopiatzeko prest. Beraz, haur txikiek erabiltzen ez dituzten hizkera molde berriak beharko dituzte, besteak beste. Beti garrantzitsua den hizkera ez akademikoa eta ez formala adin honetan ezinbestekoa eginen zaie.
  • Ikasgai edo arlo desberdinetako irakasleek modu koordinatuan lan egin, elkarren osagarri izan zaitezen.
  • Eduki guztietan finkatu helburu linguistikoak.

Komunikaziorako babesguneak

Adierazkortasun behar berriekin batera, ziklo honetan ikasleen artean gaztelania erabiltzeko presioa areagotuko da (gogoratu lehen atalean gaitasun erlatiboei buruz esandakoa). Hortaz, irakasleak euskara erabiltzeko babesgunea zaintzearen alde egin dezakeen guztia egin beharko du:

  • Erabilera euskara ikasteko baldintza dela eta akatsak egitea ikasteko bidea dela gogorarazi. Beraz, aurreko mailetan bezala, gelako oinarrizko hizkuntza arauak gogoratu. Hobe ikasturtearen hasieran eta, ahal dela, denon artean adostuak izan daitezen.
  • Pentsatu zein estrategia eta esku-hartze erabili daitezkeen ikasleak taldeka lan egiten dutenean gaztelaniaren praktika ohitura naturalizatua bihur ez dadin eta euskara erabil dezaten.
  • Gogoratu lorpenak eta alderdi positiboak baloratzea eta aitortzea beti dela motibagarria. Batzuetan ahazten zaigu ikasleei adieraztea.
  • Zehatzago jakiteko: 

Kulturaren erreferenteak

Askotan pertsonen zaletasunak adin hauetan finkatzen dira. Ikasleen zaletasunekin lotutako erreferente garaikideak eskaintzeak eredu egokiak emanen dizkie eta zailtasunak gainditzeko motibazioa. Lehenago ere esan bezala, ahal den guztietan, kulturaren ezagutza ikasleen sormenarekin lotu. Kultur erreferenteen biografiak landu eta haien baitan euskararen atxikimenduak izan duen bidea jakinarazi.

Atxikimendu hausnartuaren hastapena

Ikasleek hiztun gisa eskolatik kanpo aurkituko duten testuingururako prestatu. Lan honetan, zera kontuan hartu:

  • Entzuten dena ahazten da, sentitzen dena gorde. Ikasleek barne emozioak eta sentimenduak errazago adieraz ditzaten, gelako giro ludikoa, lasaia eta askea sortu.
  • Albotik irakastearen rola hartu eta protagonismoa ikasleei utzi. Beraz, hobe da irakasleak gutxi hitz egitea; iradoki irakatsi baino gehiago.
  • Ez epaitu ikasleen ekarpenak eta bizipen guztiak aintzat hartu. Horrekin lotuta, zaindu ez-hitzezko komunikazioa: doinua, keinuak... Komunikazioan esateko moduak esandakoak adina pisu du. Ikasleen artean ere epai edo komentario gutxiesgarririk gerta ez daitezen zaindu.
  • Haserreak sortutako gaitzespenerako gogoa gainditu. Normala da ikasleen jokabide linguistiko batzuen aurrean haserretzea, baina orain badakigu zein diren jokabide desegoki horien atzean dauden mekanismoak eta gabeziak. Beraz, ahalegindu une hori zure haserrea adieraztetik haragoko ekintza hezitzaile bihurtzen. Zaila da, beraz ez utzi inprobisazioaren esku: aurretik pentsatu nola jokatu eta, aukeran, lankideekin adostu, ikasleek irakasleen jokabide koherente eta irmoak ikus ditzaten.
  • Baliteke ikasleek gertu izatea ikastetxe aldaketa. Bertan ezagutzen ez dituzten hiztunak aurkituko dituzte. Agian beste herri batera joan beharko dute DBH ikastera. Aldaketa garaiak, dudarik gabe. Bere herriaren ezaugarri linguistikoez eta hortik kanpo aurkituko dituzten testuinguru soziolinguistikoaz pentsatzeak etorkizunean topatuko dituzten egoerak hobeki ulertzen eta bideratzen lagunduko die. Komeni da ikastaldean gaiari denbora eskaintzea.
  • Beti bezala, hizkuntza praktiketan eredu izan. Izan ere, esaten eta egiten dugunaren koherentzia dugu ikasleen aurreko pertsuasio giltza. Hala da beti, baina etapa honetan hasten dira helduon inkoherentziak argi eta garbi nabaritzen.